Asteazken honetan iritziak jasotzeko hainbat puntu eta ordutegi zehaztu dira
ZALDIBAR | Udal zaldibartarra legegintzaldi honetarako aurreikusitako beste erronka bat garatzen hasi da: partaidetza-prozesu bati ekin dio, herriko mugikortasuna hobetzeko helburuarekin. Bertan diseinatuko da, herritarren ekarpenetan oinarrituta, udalerriak etorkizunean behar duen mugikortasuna. Eneritz Azpitarte alkateak azaldu duenez, “herritarrek egunerokoan bizi dituzten egoeretatik abiatuta egin ahal izango dituzte hobekuntzak, haurrak, gazteak edo helduak, oinezkoak, txirrindulariak edo auto-gidariak izan”. Zehazki, parte-hartze prozesuan genero-ikuspegia eta herritarren adin-tartea hartuko dira kontuan.
Parte-hartze prozesuaren lehen lan saioa urriaren 30ean, asteazkenean, egingo da. Prozesua dinamizatzeaz arduratuko diren teknikariak udalerriko hainbat tokitan egongo dira, eta bertaratuta jasoko dituzte herritarren iritziak. Honako leku eta ordutegi hauek ezarri dira:
11:00 – San Andres
12:00 – Alde zaharra
12:30 – Artia
16:00 – Eskolako jolastokia
18:30 – Jubilatuen etxea
«Gure udalerriko etorkizuneko mugikortasuna hobetuko dugu, herritar guztien parte-hartzearekin. Urriaren 30ean egingo diren jardunaldi parte-hartzaileetan parte hartzera deitu nahi nituzke herritar guztiak, etorkizunean udalerri erosoagoa eta seguruagoa izan dezagun guztiontzat», adierazi du alkateak.