Zaborren bilketa % 15, zerbitzuaren kostua Europako araudiak ezartzen duenera egokitzeko
ZALDIBAR | 2025eko zergak eta tasak % 2,5 igoko dira, zabor-bilketari lotutakoak izan ezik. Azken tasa hori % 15 igoko da, zerbitzuaren kostua Europako araudiak ezartzen duenera egokitzeko. «Izan ere, Europako legediaren arabera, hondakinak biltzeko eta kudeatzeko kostuak zerbitzuaren gaineko tasarekin estali beharko lirateke, sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak ezarriz», gogorarazi du alkateak. Ordenantza fiskal berritua aho batez onartu dute Zaldibarko udalbatza osatzen duten hiru alderdiek.
Hori dela eta, helburua betetzeko, Zaldibarko Udalak igoera progresibo bat egingo du urtero, tasak zaborra biltzeko zerbitzuak sortutako kostuak estaltzea lortu arte. «Helburura iritsi ahal izateko, zerga hori % 35 igo beharko genuke bat-batean. Hala ere, igoera handia izango litzatekeenez, hiru urteko igoera progresiboa planifikatu dugu. Tasa % 15 igoko da 2025ean, beste % 15 2026an, eta 2027an falta dena “, azaldu du Azpitartek.
«Gastuak handitu egin direnez eta Udalkutxak ematen dituen diru-sarrerak murriztuko direla aurreikusten denez, 2025eko zergak eguneratzea erabaki dugu», azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.