30 metro karratu zabal da, eta 15 pertsonarentzako gehienezko edukiera du

ZALDIBAR | 0-5 urte bitarteko umeek erabiltzeko eremua da, urritik maiatzera bitartean erabili ahalko dena, aisialdi helburuekin. Halaber, udalak gelaren erabilera arautzeko baldintzak eta betebeharrak zehaztu ditu. Interesdunek udaletxera jo dezakete eskariak egitera. Hori egindakoan jasoko dute gelarako giltza-txartela. Proiektua aurrekontu parte-hartzaileetako proposamena dela gogorarazi du Eneritz Azpitarte alkateak.
Zaldibarko Udalak Erabilera Libreko Gela atondu du Olazarren, eta haren erabilera arautzeko ordenantza onartu du. Gela 0-5 urte bitarteko umeek eta gurasoek erabili ahalko dute aisialdi helburuetarako, urritik maiatzerako egunetan. Eremua Gaztelekuan dago, Gela Berdea modura ezagutzen den lekuan. 30 metro karratu zabal da, eta 15 pertsonarentzako gehienezko edukiera du. Udalak altzariak, alfonbrak, mahaiak eta aulkiak ipini ditu bertan.
Erabilera Libreko Gela urritik 2026ko maiatzera bitarte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 19:30era. Gurasoek zabalik dute dagoeneko eskariak egiteko aukera. Hau da: udaletxera jo beharko dute gela erabili nahi dutela adieraztera. Inprimaki bat bete beharko dute horretarako, eta hori egin ondoren jasoko dute gelara sartu ahal izateko giltza-txartela.
Eneritz Azpitarte alkateak gogorarazi duenez, Erabilera Libreko Gela aurrekontu parte-hartzaileetako proiektua da. “Gobernu talde honek bere egin du Zaldibarko herritarren proposamena. Herriko umeek eta familiek eremu gorde eta estalia izango dute aurrerantzean, eguraldiak laguntzen ez duenerako. Halaber, gertutik jarraituko dugu gelaren erabilera, etorkizunean hobekuntzak egin ahal izateko. Gozatu dezagun gelaz, eta zaindu dezagun gela”, adierazi du.
Erabilerarako arauak
Gela erabili gura duten familiek betekizun batzuk izango dituzte. Batetik, erabiltzaileek lokaleko altzariak zaindu beharko dituzte, eta debekatuta izango dute gainerako erabiltzaileentzat molestagarriak diren jarduerak egitea. Halaber, debekatuta egongo da animaliak sartzea. Bestetik, baimenduta egongo da barruan jatea eta edatea. Erabiltzaileek izango dute, betiere, lokala garbi eta baldintza onetan mantentzeko betebeharra.
Erabilera baldintzaren bat beteko ez balitz, alkatetzak lokala erabili ahal izateko baimena baliogabetu ahalko du, eta erabiltzaileak giltza-txartela entregatu beharko du. Eskatzaileek bost euroko fidantza jarriko dute udal bulegoetan, giltza-txartela itzuliko dela bermatzeko.