DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zaldibarko Udalak Blanca Onaindia, herriko lehenengo emakume alkatea, omenduko du

Ekitaldia ekainaren 14an eguerdiko 12:00etan egingo da, plazan

Omenaldia datrren ekainaren 14an izango da

ZALDIBAR | Ekainaren 18an, 30 urte beteko dira Zaldibarren, emakume bat alkate izendatu zela lehenengoz: Blanca Onaindia Garitaonandia izan zen herriko lehenengo emakume alkatea. Hori dela eta, udalak omenaldia egingo dio, Onaindiak mugarria ezarri zuen-eta, ordura arte gizonezkoena bakarrik izandako aginte postuan. Gainera, hurrengo emakume alkateentzako bidea zabaldu zuen, bere agintalditik gaurdaino lau emakume izan dira-eta alkatetzan: Blanca Onaindia, Idoia Mendiolagaray, Arantza Baigorri eta Eneritz Azpitarte.

Onaindia 1995etik 1999ra izan zen Zaldibarko alkate. “Hasieran beldur moduko bat izan nuen, baina ez emakume izateagatik, lan hori ezagutzen ez nuelako baino. Gerora, herritarrekin izandako hartu-eman hori oso polita izan zen. Oso oroitzapen onak ditut”, gogoratu du Onaindiak. Era berean, Eneritz Azpitarte gaur egungo alkateak 1995etik honako bilakaera nabarmendu du: “Legealdi hartan bederatzi gizonezkok eta bi emakumek osatzen zuten Zaldibarko udalbatza. Gaur egun, argazkia alderantzizkoa da: bederatzi emakume eta bi gizonezko gaude udalbatzan. Datu esanguratsua da, emakumeok bide bat egin dugulako, nahiz eta oraindik asko dugun egiteko gizarteko hainbat sektoretan”.

Onaindiari 1995ean zabaldutako bidea eskertzeko, Zaldibarko Udalak omenaldia egingo dio ekainaren 14an. Ekitaldia udaletxeko plazan izango da, 12:00etan. Azpitarte alkateak herritar guztiak deitu ditu ekitaldira hurreratzera.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top