Udalak 4 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengoa baino % 6,5 handiagoa

ZALDIBAR | Zaldibarko Udalak 2026rako aurrekontuak onartu ditu arratsalde honetako osoko bilkuran. Udalak 4.057.068,08 euro izango ditu datorren urtea kudeatzeko, aurten baino % 6,5 euro gehiago. Eneritz Azpitarte alkateak adierazi duenez, “herritarren ongizatea hobetzeko eta herri biziagoa eraikitzeko tresna eraginkorra” izango dira.
Zaldibarko Udalak herriko azpiegiturak, zerbitzuak eta aisialdi guneak hobetzera bideratuko ditu datorren urteko aurrekontuak. Esku hartze nagusienen artean, honako hauek daude:
- Olazar guneko ur-parkea berritzea: gaur egungo txorrotak aldatu eta ur-parke moderno bat jarriko da udarako.
- Parkeak berritzea: herritarrekin egindako parte hartze prozesua oinarri, herriko parke bat birmoldatuko da.
- Kultur Etxea: lehenengo pausoak emango dira Zaldibarrek merezi duen kultur etxea errealitate bihurtzen hasteko.
- Kirola: fitness makinak jarriko dira rokodromo berrituan, eta hainbat hobekuntza egingo da Olazarko frontoian.
- Hezkuntza: legegintzaldiko proiektu estrategikoek pisu handia izaten jarraituko dute. Ildo horretan, eskolako jolastokia handitzeko lanek segida izango dute datorren urtean ere. Obra hori garatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa lortu du udalak (kostuaren % 60). Bestalde, Haurreskolako jolastokia berrituko da, eta prozesu berri bat hasiko da eskola barruko jolastokia eraldatzeko.
- Adinekoak: Konponketa lanak egingo dira Nagusien Etxeko fatxadan.
- Ondarea: omenaldia egingo zaio Bitor Garitaonandia zaldibartar ilustreari, herriko ondare inmateriala babesteko apustuaren barruan.
Adostasun osoa
Zaldibarko Udalak aho batez onartu ditu datorren urteko aurrekontuak, gobernu taldearen (EH Bildu) eta oposizioko alderdi bien aldeko botoekin (EAJ eta PSE-EE). Horrek agerian uzten du aurrekontuen izaera eraikitzailea, 40 urte baino gehiago baitira Zaldibarko udal aurrekontuak alderdi politiko guztien adostasunarekin azkenengoz onartu zirenetik. “Beti esan dugu gobernu talde hau zabalik dagoela negoziazioetarako eta adostasunak lortzeko. Eta oraingoan lortu dugu. Eskerrik asko alderdi politiko guztiei”, esan du Eneritz Azpitarte alkateak.
Izan ere, gobernu taldeak EAJren eta PSE-EEren proposamenak aztertu eta onartu ditu, eta horrek are eta aberasgarriagoa egin du datorren urtera begirako plangintza. Zehatz esanda, EAJk hiru proposamen egin ditu, eta hirurek ikusi dute isla aurrekontuetan. PSE-Eek bi proposamen aurkeztu ditu, eta biak onartu dira.
Honako hauek dira oposizioko alderdiek egin eta udal aurrekontuetan jasota gelditu diren proiektuak:
EAJren proposamenak:
- Ibilgailu elektrikoak kargatzeko gunea ipintzea.000 euroko diru-atala aurreikusi da Zaldibarren lehendabiziko kargatze puntua hartzeko eta disuasio aparkalekuen aukera aztertzeko.
- Udal gimnasioa eta Nagusien Etxe berria: EAJk udal gimnasio bat egitea eta Nagusien Etxe berria beheko solairu batean kokatzea proposatu du. Gobernu taldeak bat egin du premia horrekin, eta horregatik, udalbatzako hiru alderdiek talde eragile bat osatuko dute, lokalen, lursailen eta pabilioien azterketa egiteko eta kokapenik egokienak aztertzeko. Azterketa hori egin ahal izateko diru atala jaso da aurrekontuetan.
PSE-EEren proposamenak:
- Eskatu ahalako taxia auzoentzat: baserri auzoak herrigunearekin hobeto lotzeko, 15.000 euroko diru atala prestatu da aurrekontuetan. Zerbitzu hori arautzeko ordenantza urte hasieran landuko da.
- Argiteria: Nagusien Etxe inguruko argiteria hobetuko da, segurtasuna indartze aldera. 15.000 euroko diru atala jarri da zeregin horretarako.


