Interesdunek azaroaren 14ra arte aurkeztu dezakete eskaera, eta esleipen epe berria 2026tik 2029ra izango da

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak martxan jarri du Arriaganeko industrialdean dagoen udal kamioi-aparkalekuko plazak esleitzeko prozesua, 2026tik 2029ra bitarteko erabilera-aldirako.
Lau urtetik behin irekitzen da prozedura hau, indarrean dagoen araudia jarraituz, garraio-sektorean diharduten profesional interesdunek erabilgarri dauden partzeletako bat eskuratzeko aukera izan dezaten.
Nola eta noiz aurkeztu eskaera?
Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 14ra arte egongo da zabalik, eta interesa duten pertsonek udalaren egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dute eskaera. Bertan aurkituko dute baita ere eskaera-orria eta beharrezko dokumentazio guztiaren inguruko informazioa.
Horrez gain, deialdia udal iragarki-taulan eta aparkalekuaren sarreran ikusi daiteke, informazioa ahalik eta zabalkunde handienarekin helarazteko.
Partzela horien erabilera udal-ordenantzek arautzen dute, eta kamioiak eta ibilgailu industrialak aparkatzeko soilik erabiltzen dira; bestelako ibilgailuak ez daude baimenduta.
Nork izan dezake plaza eskuratzeko aukera?
Partzela bat eskuratzeko aukera izango dute araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoek zein enpresek. Honako hauek eskatzen dira, besteak beste:
- Ordenantzak onartutako kamioi edo ibilgailu bat izatea.
- Udalarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eguneratuta izatea.
- Ibilgailuaren dokumentazio teknikoa eta aseguruak indarrean izatea.
Eskaera kopurua eskuragarri dauden partzeletak baino handiagoa izanez gero, lehentasuna ezarriko da kategoria ezberdinen arabera (erroldatzea, jarduera-lekua, etab.), eta behar izanez gero zozketa bidez esleituko dira plazak.
Prozesu honek udal espazio baten kudeaketa bidezkoagoa eta eguneratuagoa ahalbidetzen du, garraiolarien eta sektoreko enpresen eguneroko lana errazteko helburuarekin.