DOT Durangaldea

Zabalik Abadiñoko ortu publikoetan libre geratu diren partzelak eskuratzeko aukera

Interesa duten herritarrek martxoaren 20ra arte egin ahal izango dute eskaera

Eremuen esleipena egiterako orduan irizpide sozialak hartuko dira kontuan

ABADIÑO | ​Udalak Tornosolo landa eremuko ortu publikoetan libre geratu diren partzelak eskuratzeko izen-ematea zabaldu du gaur. Interesa duten herritarrek martxoaren 20ra arte egin ahal izango dute eskaera. Ondoren, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko da, baremazioa eta erreserba-zerrenda barne. Zerrenda hori iragarki-taulan eta Abadiñoko Udalaren webgunean argitaratuko da.

50 m2 inguruko lurzatia eskaintzen da, eta, erabilera egokia sustatzeko, ortuak lantzeko baliabide materialak eta lanabesak Udalak ematen ditu. Hilabeteko 10 euroko prezioa ordainduko da, eta kontsumitutako ur bolumenaren araberako ordainketa ere egin beharko da. Horrez gain, 100 euroko fidantza jarriko da ortuak behar bezala erabiliko direla bermatzeko. Beharrizan ekonomikoak dituztenentzako hobari sistema bat aplikatuko da.

Eremuen esleipena egiterako orduan irizpide sozialak hartuko dira kontuan beharrizan handiena duten herritarrek lurzatiak eskuratzeko sarbidea errazteko, eta jasangarritasun eta genero ikuspegia ere txertatu dira.

Baratzeak esleitzeko interesa duen pertsonak udal-erregistroan aurkeztu beharko du eskabidea, eredu ofizialaren arabera. Eskabidearekin batera, eredu normalizatuan eskatzen diren agiriez gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: NANaren edo legez ordezkatzen duen dokumentuaren fotokopia.

Balorazio positiboa

Abadiñon, 2025eko ekainean jarri ziren martxan ortu publikoak, eta, ordutik, martxan daude. Udalak positiboki baloratzen du orain arteko ibilbidea: “Proiektu honek aukera ematen die bizilagunei kontsumo pertsonalerako barazkiak eta fruituak lortzeko, bizi ohitura osasungarriak eta ingurumenarekiko errespetua sustatuz. Horrez gainera, herri kohesiorako elementu oso garrantzitsua da; izan ere, adin eta auzo desberdinetako pertsonak biltzen dira, eta elkar laguntzen eta zaintzen dute”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top