Obra horiek trenbidearen trazaduraren ingurumena eraldatzeko proiektuaren 1. eta 3. faseei dagozkie
DURANGO | Trenbide eta Untzillatx kaleen hiri-ingurunean trenbide zaharraren trazadura integratzeko obrei hasiera eman die Durangoko Udalak. Jarduera horiek joan den astean hasi ziren, eta gaur egun erabiltzen ez den trenbide-azpiegiturak banatzen dituen eremuak batzea dute helburu, hiri-kohesioa sustatuz eta espazio publikoaren kalitatea hobetuz.
Gainazaleko trenbide-trazadura, hainbat hamarkadatan zehar udalerria zatitu zuena, 2012ko abenduan martxan egoteari utzi zion, lurperatutako trena martxan jarri zenean. Hala ere, trena lurrazalean igarotzearen aztarnak hiri-paisaian bereizteko elementua izaten jarraitzen du.
Mireia Elkoroiribe alkateak, Jesica Ruiz alkateordearekin eta Sara Oceja Hirigintza sailerko arduradunarekin nabarmendu duen eran, “legealdi hau hasi bezain laster, lanean hasi ginen proiektu honetan, gure Gobernu Programaren proiektu estrategikoetako bat baita. Horrela, segiduan hasi ginen ETSrekin elkarlanean, 2024ko apirilean trazatuaren lagapen-hitzarmena sinatu genuen, ondoren proiektua bukatu, irailean obren lizitazioa abiarazi genuen eta orain bai, obra horiek gauzatzeko momentu garrantzitsua heldu da.
Iragarritako proiektuarekin, trenbidea ixteko horma zaharrak eta geralekuaren zolata eraitsiko dira Untzillatx kalean, eta espazioa hiri-bilbean integratuko da. Gainera, berdegune berriak sortuko dira, hiri-altzari modernoak jarriko dira eta argiteria publikoaren sistema hobetuko da, herriaren iraunkortasun eta irisgarritasun helburuekin bat etorriz.
Esku-hartzea ikuspegi egokiarekin egingo da, ingurunea errespetatuz eta paisaia-integrazioa lehenetsiz. Obra hauek espazio hau herritarren eguneroko bizitzan erabat txertatzeko lehen urratsa dira, Durango batuagoa eta eskuragarriagoa garatzen lagunduz.
Lanek 2 hilabete inguruko iraupena izango dute, otsailerako amaitzea aurreikusten da eta aurrekontua, guztira, 118.580 €-koa izango da (BEZa barne). Jarduketa-eremuak Trenbide eta Untzillatx kaleak hartzen ditu; bertan, berdegune berri bat egokitzea aurreikusten da, 2.260 metro koadro baino gehiago hartuko dituena.
Obra horiek trenbidearen trazaduraren ingurumena eraldatzeko proiektuaren 1. eta 3. faseei dagozkie. Bigarren faseko proiektuaren idazketa abendu bukaeran amaituko da. 1.150.000€ko aurrekontua izango du eta obraren lizitazioa uda aurretik abian jartzea aurreikusten da, uda ostean lanei ekiteko.
Elkoroiribek erantsi du “Durangon bizi garen pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzeko lanean jarraitzen dugu, eta ongizate komunaren aldeko apustua egiten duten proiektuekin jarraituko dugu. Aurrera goaz”.