Lehenengo hitzaldia asteazkenean izango da, hilak 19, Produktu aukerak: Bertakoak, ekologikoak izenburupean

ELORRIO | Tokian tokiko proiektuak eta aukerak ezagutarazteko asmoz, elikadura arloko ekoizleei hitza emateko zikloa antolatu du Anbotopeko elkarteak, Urkiola Landa garapenaren eta Elorrioko Udalaren laguntzaz. Zehazki, bi hitzaldi eta mahai-inguru bat eskainiko ditu bertako jaki ekologikoak sustatzen dituen elkarte eta dendak. Iturri Kultur Etxean izango dira hitzorduak, datozen hiru asteazkenetan, 18.30ean.
Ziklo honen helburua elikadura jasangarriaren garrantziaz kontzientziatzea da. Bertako produktuak oinarri hartuta, tokiko ekonomia sustatu eta ingurumena zaintzen laguntzea. Zentzu horretan, lehenengo hitzaldia asteazkenean izango da, hilak 19, Produktu aukerak: Bertakoak, ekologikoak izenburupean. Besteak beste, bertakoa eta osasuntsua den elikadura osatzen duten produktu aukerak ezagutzeko balioko du eta, bide batez, beste herri batzuetan aurrera eramaten ari diren proiektuak ezagutuko dira. Bergarako Ereindajan eta Lazkaoko Biziola proiektuetako kideak gonbidatu dituzte lehenengo solasaldirako. “Bertako produktuez eta produktu ekologikoez berba egiteko baliatuko dute topaketa. Bi mota horiek kontsumitzeko abantailak eta arrazoiak aipatzea komeni dela uste dugu, baita bata bestearengandik bereiztea ere. Bide batez, haien proiektuak azalduko dituzte Ereindajan eta Biziolakoek. Guk eredu bezala ikusten ditugu, tamaina handiagoko ekimenak dira eta agian eurek egiten dituzten jarduera batzuk egin ditzakegu guk ere”, azaldu du Karmel Zuazo Anbotopeko kideak.
Otsailaren 26an, bestetik, ortu-jabe eta ortu-zaleei interesgarria egingo zaien gaia landuko du Jon Bastantek, Ekoizketa ekologikoan zelan hasi tituluaz. “Askok modu tradizionalean, dakiten bezala landatzen dutela iritzita, modu ekologikoak zertan datzan aletuko du, pixkanaka mundu horretara hurbiltzeko gonbidapena luzatuta eta gogoeta interesgarria izango da”, gehitu du Zuazok.
Testuinguru horretan, egungo ekoizleen bizipenak eta erronka nagusiak ezagutzea beharrezkoa bilakatzen da eta Elorrioko ekoizleekin mahai-ingurua eginda borobilduko dute egitaraua, martxoaren 5ean.
Zuazok aipatu duenez, oholtzara hiru bat ekoizle igotzea da ideia, elkarrizketa orokor bat sortzeko helburuarekin. “Saiatuko gara iritzi trukaketa sustatzen gonbidatuko ditugun beste ekoizle batzuen eta entzuleen artean ere. Ezagutzeko nortzuk diren eta esku artean dauzkaten proiektuak. Eta ea, modu horretan, herri mailako elkarrizketa bat osatzen dugun”.
Etorkizunari begira, ehun bazkidez osatutako proiektua une gozoan dagoela adierazi du Zuazok, eta horregatik animatu direla egitaraua antolatzera. “Denda 2020an ireki genuen, pandemia garaian, eta horrexegatik urte onak bizi izan genituen, egoerak ahalbidetzen zuelako jendea sarri etortzea dendara. Energia eta basogintza lantzeko hitzaldiak ere antolatzera animatu ginen orduan. Hala ere, olatu hura apaldu egin zen pandemia ostean, 2024ra arte. Izan ere, iaz salmentek gora egin zuten, eta ikusi dugu gaiari beste bultzada bat emateko momentua dela”.