DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Suelma Beiruren bisita Durangon Saharar herriarekin harremanak sendotzeko

Proiektuetako bat Aniztasun Funtzionala duten Saharar Adingabeak Hartzeko Kanpalekua da, Río de Orok sustatua

Bisita Durangoko udaletxean izan da gaur goizean

DURANGO | Gaur, apirilaren 7an, astelehena, Durangoko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan harrera-ekitaldi ofiziala egin da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (RASD) Gizarte Gaietarako eta Emakumeen Sustapenerako Suelma Beiruk Mministrari.Ekitaldian Durangoko Udalak, Iurretako Udalak, Abadiñoko Udalak, Durangoko Mankomunitateak eta Río de Oro GKEa eta Euskal Herriko Fronte Polisarioaren Ordezkaritzak parte hartu dute. Ministroarekin batera saharar errefuxiatuen kanpamentuetan lan egiten duten hainbat arduradun  izan dira, hala nola desgaitasun-zentroetako zuzendaria eta Gizarte Laguntzako zuzendaria, eta Saharako Herriari laguntzeko hainbat erakundek martxan jarritako elkartasun-proiektuak  bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.

Proiektu aipagarrienetako bat Desgaitasun Funtzionala duten Umeen Harrera Kanpamentua da, Río de Oro GKEak sustatua. 2013an abiatu zenetik, proiektu honek desgaitasuna duten haur sahararrei uda Izurtzako aterpe batean igarotzeko aukera eman die. Bertan, osasunari lotutako hainbat gai lantzen dira eta haien ongizaterako ingurune egokia eskaintzen zaie.

Durangoko, Iurretako eta Abadiñoko udalek, eta Durangoko Mankomunitateak, ekimen honen finantzatzaile nagusi gisa, Saharako Herriarekin elkartasunean eta nazioarteko lankidetzan duten konpromiso sendoa erakusten dute.

Ekitaldian zehar, erakunde publikoetako ordezkariek Saharako Herriarekin elkartasun eta lankidetza loturak indartzeko beharra nabarmendu dute. Harrera-ekitaldi hau ez da keinu sinboliko hutsa izan, baizik eta giza eskubideen defentsarekin eta Saharako Herriaren autodeterminazio-eskubidearekin dugun konpromisoaren berrespena. Durangaldean nazioarteko lankidetza mundu bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzeko tresna eraginkorra dela uste dugu, eta harro gaude kolektibo ahulenen duintasuna eta ongizatea sustatzen duten proiektuak babesteaz, kasu honetan desgaitasuna duten haur sahararrei. Hala ere, aurrera egin behar dugu, sahararrak beren oraina eta etorkizuna askatasunean eraiki ahal izan dezaten.

Río de Oro GKEtik azpimarratu dute funtsezkoa dela desgaitasuna duten haur sahararren egoera ikusaraztea, batez ere errefuxiatu-kanpamentuetan bizi duten pobrezia eta desplazamenduaren testuinguruan. “Harrera-ekitaldi hau tokiko babes hori berriz indartzeko aukera bat izan da, baina gogorarazten dugu konpromiso ororekin batera giza eskubideen defentsa irmoa egin behar dela, eta, kasu honetan, Saharako kausari babesa emanez”, adierazi dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top