Otsailaren 14an ospatuko da jaialdia musika, txokolatada eta mozorro lehiaketagaz

MAÑARIA| Mañariak inauteriak ospatuko dauz otsailaren 14ko zapatuan, herriko kaleak jai giroz eta mozorroz beteko dabezan egitarauagaz.
Arratsaldeko 17:00etan hasiko da egitaraua, Sasi bereziren etorreragaz. Kantina babestuz herrian zehar ibiliko dira pertsonaiak, trikitilariek lagunduta, kalez kale jai giroa zabalduz. Eta 18:00etan mozorro onenaren saria banatuko da, ostean, eguna borobiltzeko, 18:30ean, txokolate beroa eta tostadak eskainiko dira.
Kafraga elkarteak antolatu dau eguna, herritarren laguntzagaz eta Mañariko Udalaren babesagaz.
2024an abiatutako tradizioa
Sasi bereziren etorrera 2024an jarri zen martxan lehen aldiz, eta aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Ekimenak Mañariko inauteriei izaera propioa ematea dauka helburu, herriko tradizioan, mitologian eta iruditeria kolektiboan oinarritutako karnabal eredua sustatuz.
Sasi berezi pertsonaiak Errose Bustintza idazle mañariarraren Jentillen bola-lekua ipuinean dauka sorburua. Ipuin horretatik abiatuta sortu eben kale-ikuskizuna, herritarren irudimenetik sortutako beste pertsonaia batzuekin batera. Urtez urte, istorioa forma propioa hartzen joan da, eta gaur egun herriko inauterien ezinbesteko osagai bihurtu da.


