Larrasoleta Xake Taldeak antolaturik, 70 haurrek hartu zuten parte
XAKEA | Asteburu entretenigarria eta xakez betea Larrasoleta Xake Taldeak bizi izandakoa. Larunbatean Munduko Arrozak kultur topaketarekin hasi zen Landako gunea. Talde durangarrak bere txapelketa soziala ospatuz eta xake partida batzuk jokatzera animatu zen oro gonbidatuz parte hartu zuen. Gainera, klubeko kideren batek bere sukaldaritzako dohainak erabili zituen paella bat egiteko.
Hurrengo egunean, klubaren azken hilabeteetako jarduerarik garrantzitsuenetako bat izan zen, San Juango lehen haur txapelketa, non 70 haur inguru bildu ziren hainbat kategoriatan eta klubeko xake eskolako ikasleen parte-hartze handiarekin. Azpimarratzekoa da Alluitz Azkarragaren garaipena Klubeko eskolako kimuen kategorian. “Oso pozgarria izan zen haurrek xakearen inguruan nola gozatzen zuten ikustea. Lehen txapelketa hau, datozen urteetan errepikatuko da eta eskualdean txapelketa erreferente bihurtzeko hazia izan da, antolatzen duten klubeko monitoreei esker. Asteburuko jarduera hauek klubak duen osasun ona islatzen dute. Datorren larunbatean, Tabirako jaietan, haur eta nagusien zain egongo gara xakeaz gozatzeko “, animatzen dute durangarrek.