Zirika zirkus konpainiaren eskutik eskainitako “Azken fakirra?” ikuskizunarekin zarratuko da hilak 19an
MAÑARIA | Mañariko Udalak 2024ko Kultur Astea aurkeztu du. Ainara Otxotorena Mañariko alkateak, Jon Gaminde Bizkaiko Dultzaineroetako kideak eta Haritza Rodriguez Barsanti antzerki taldeko kideak eman dute aurtengo edizioaren kartelaren berri. Maiatzaren 10etik 19ra bitarte, zer entzun eta zer egin ugari izango dute Mañariko herritarrek eta Mañarira hurbilduko direnek. Aurtengo edizioa, aurreko edizioen haritik tiraka, ekintza desberdinen aniztasunetik eta euskararen indartzetik izan da antolatua. Gaztetxoenetatik herriko nagusienetaraino, gazte eta helduetatik igarota, maiatzeko kultur programaz gozatzeko aukera paregabea izango dute.
Kultur Astea Porrotx eta Mari Motots pailazoen “Amaren intxaurrak” ikuskizunarekin hasiko da, eta Zirika zirkus konpainiaren eskutik eskainitako “Azken fakirra?” ikuskizunarekin zarratuko da programazioa. Bidean, denetariko ekintzak: Kuttuneren, Moonshine wagonen eta Jon Basagurenen kontzertuak; Barsantiren “Akabo” obraren emankizuna; Wikiemakumeen berbaldia; Asisko Urmenetaren “Gora Euskal herrientsak” liburuaren aurkezpena; “Euskaldungak” bakarrizketak; “Aire” dokumentalaren emankizuna; eta azoka ere antolatuko da maiatzaren 19an, domekan. Ainara Otxotorena alkateak “Mañarian bizirik dauden kultur zaletasuna eta euskaltzaletasuna islatzen duen programazioa” osatu dutela adierazi du.