Eguerdi aldera hodeitza saretu egingo da eta aterruneak luzatuko dira

EGURALDIA | Osteguna udazkeneko itxurarekin dator: euriarekin, tenperaturaren beherakadarekin eta ipar-mendebaldeko haize zakarrarekin. Goizaldearen hasieran haizea hego-mendebaldetik sartuko da, baina egunak aurrera egin ahala ipar-mendebaldera aldatu eta indartu egingo da, batez ere kostaldean eta mendi inguruetan. Egunaren lehen zatian, baina bereziki goizaldean eta goizean goiz, euria denera zabalduko da; zenbait tokitan gainera ugaria izango da eta zaparradak trumoitsuak izan litezke. Eguerdi aldera hodeitza saretu egingo da eta aterruneak luzatuko dira. Tenperatura maximoak goizaldean neurtuko dira eta egunez, tenperatura 20 ºC-tik behera geratuko da.