DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

“Oso pozik eta asebeteta gaude jasotako erantzunarekin”

Euskal Herri osotik hurbildu zen larunbat honetan Abadiñora Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketaz gozatzera

Probalekua txiki gelditu da txapelketa ikusteko

ABADIÑO | Amaitu da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketaren lehen edizioa. Ederra izan da. Abadiño Euskal Herri osotik eta nazioartetik etorritako ardi moztaileen topagune bilakatu  da larunbat honetan. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) egiten duen lehen balorazioa oso ona da. “Oso pozik” eta “asebeteta” gaude jasotako erantzunarekin eta egunean zehar izandako bizipenekin: “Euskal Herri osotik hurbildu da jendea Abadiñora. Goizeko lehen ordutik sortu da giro bikaina. Probalekua txiki gelditu da. Publikoaren zein moztaileen partetik jasotako erantzuna bikaina izan da. Goi mailako ikuskizuna eskaini dute. Emozionatuta gaude. Harro; ikusi eta sentitu dugunaz. Euskal Ardi Moztaileen Elkartearen izenean, bihotz-bihotzez eskertu nahi diegu ekitaldi hau posible egin duten guztiei: artzainei, moztaileei, boluntarioei, ikusleei, komunikabideei, babesleei, eta gugan sinetsi duten guztiei”.

Duela bi urte, moztaile soil batzuk besterik ez ginen. Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean; elkartea sortu dugu eta, lehiaketa ofizial bat ospatu dugu. Lan asko dago egiteko, baina bidea egiten ari gara eta horretan jarraituko dugu. Orain arteko filosofia berarekin: lana, lana, lana eta lana”.Txapelketako emaitzak Euskal Herriko eta nazioarteko 80 moztaile aritu dira lehian Euskal Ardi Moztaileen lehenengo Txapelketan. Euskal Herrian lehen aldiz egin da dimentsio honetako ardi moztaile txapelketa bat. Euskal Herriko eta Nazioarteko Txapelketak, tresnerien erakustaldiak, umeentzako tailerrak, Eusko Labelen eskutik jan-edana, ardi eta artile produktuen azoka. Guztiek izan dute tokia txapelketan. Ardien mundura bete betean jalgi da Abadiño.

 

Euskal Herriko txapelduna guraizez Joseba Ugalde (Lezama) izan da eta makinaz Mikel Etxebarria (Dima)

Euskal Herriko txapelduna Joseba Ugalde (Lezama) izan da guraizez – 2. Jon Sainte- Marie (Landibarre); 3. Mikel Galvez (Eskoriatza) eta 4. Josu Ekisoain (Ibiriku) – eta Mikel Etxebarria (Dima) makinaz ) – 2. Joseba Ugalde (Lezama); 3. Laurent Paris (Eskoriatza)eta 4. Ipar Arrinda (Lekeitio).

Nazioarteko lehia Ingalaterrak irabazi du – 2. Frantzia; 3. Gales; 4. Espainia; 5. Irlanda; 6. Eskozia; 7. Euskal Herria eta 8. Herbehereak –. Open kategorian Llyr Evans (Gales) makinaz – 2. Nick Greaves (Ingalaterra); 3. Jeremy Leygonie (Frantzia) eta 4. Philip Price (Gales) – eta Joseba Ugalde (Euskal Herria) guraizez – 2. Mikel Galvez (Euskal Herria); 3. Archie Paterson (Eskozia) eta 4. Jon Sainte-Marie (Euskal Herria) – izan dira garaile. Senior kategorian, aldiz, Ben Scott (Irlanda) garaile – 2. Julian Karl (Alemania); 3. Christopher Begley (Irlanda) eta 4. Mikel Galvez (Euskal Herria) –

Euskal Herriko Ardi Moztaile Txapelketaren bidez Euskal Herriari mozketa lehiakorra, kirola, zer den erakutsi da. Are gehiago, artzain eta moztaile herria garela balioan jarri da. Ogibidea eta kirolaren edertasuna aldarrikatu dira. “Bidea elkarrekin marrazten jarraitzeko prest gaude. Ardi moztaileok gazteongan inspiragarri izan nahi dugu. Lerro hauen bitartez ardi mozketaren mundu zoragarri hau probatzera animatu nahiko genituzke. Beso zabalik hartuko ditugu”.

Munduko txapelketa ate joka

Gaurtik hasita, erronka berri batean murgilduko da Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkartea, 2026ko Golden Shears Munduko Txapelketa, martxoaren 4tik 7ra Mastertonen (Zeelanda Berria) ospatuko dena.

Makinaz arituko diren bi moztailek, guraizezko bi moztailek eta bi artilarik osatuko dute munduko txapelketa parte hartuko duen lehen Euskal Herriko selekzioa. Horiez gain, taldeburu bat, epaile bat eta entrenatzailea joango dira. Euskal moztaileak munduko txapelketara eramateko guztion sostengua ezinbestekoa izango da. Guztion indarrak batzea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top