DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Osasun zerbitzua berreskuratzeko urrats «eraginkorrak» eskatu dizkio Garaik Osakidetzari

Gainera, mozio baten bidez Osasun Sailari Berrizko medikuen plazak betetzea eskatu diote

Uztaileko osoko bilkuran osasun egoerari buruzko bi mozio eztabaidatu ziren
Uztaileko osoko bilkuran osasun egoerari buruzko bi mozio eztabaidatu ziren

GARAI | Herriko bi udal taldeek mozio bana aurkeztu zuten joan den uztailaren 17ko ezohiko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Alde batetik, Garaiko Herriko Taldeak Berrizko osoko bilkuran onartutako mozio bera defendatzen zuen. Erramun Osa alkatearen arabera, idazki horrek ez du aipatzen 2015etik Garain bizi den egoera: «udalerri hori da Durangalde osoan arreta sanitariorik ez duen bakarra, eta Berrizko, Abadiñoko eta Durangoko anbulatorioetara joatera behartzen ditu herritarrak».

EAJren udal-taldea, bere aldetik, kezkatuta agertu zen Osakidetzako lekualdatze-lehiaketan mediku bakarra geratu delako Berrizko anbulatorioan zeuden hiru plazetatik, eta beste biak bete gabe geratu direlako. «Egoera horrek nabarmen murriztu du Osakidetzak orain arte Berrizko eta Garaiko herritarrei ematen zien arreta», gogorarazi du Osak. «Gaur egun Berrizko anbulatorioak esleituta dituen baliabideak ez dira nahikoak, argi eta garbi. Bestalde, Garai herriak duela urte batzuk zuen osasun-zerbitzua berreskuratu behar duela uste da, edozein osasun-zerbitzuk hurbilekoa izan behar baitu, batez ere adineko pertsonak gero eta ugariagoak diren landa-eremuetan», gaineratu du alkateak.

Horregatik guztiagatik, EAJren udal taldeak hiru akordio-proposamen jasotzen ditu bere mozioan: Osakidetzari Berrizen dauden mediku plazak premiaz betetzeko eskatzea, anbulatorio horrek ematen duen zerbitzua lehenbailehen normalizatu dadin; Osakidetzak Garain osasun-zerbitzua berrezarri dezan urrats eraginkorrak ematea; eta, azkenik, hartutako erabakiak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari jakinaraztea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top