DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Osakidetzak plataforma logistikoaren proiektua aurkeztu du Iurretan

Zentroa diseinatu, eraiki eta kudeatzeko kontratua uztailean esleituko da, 30 milioi euroko inbertsioarekin eta 2 urteko epearekin.

Plataforma ETBren instalazio zaharretan kokatuko da
Plataforma ETBren instalazio zaharretan kokatuko da

IURRETA | Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua, Nerea Urien Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea eta Nestor Arana Osakidetzako Ekonomia eta Finantzako zuzendaria lagun zituela, Oskar Koka Iurretako alkatearekin eta Ángel Basabe udal arkitektoarekin bildu da, Osasun Sailak eta Osakidetzak datozen hilabeteetan abian jarriko duten plataforma logistikoaren proiektuaren aurrerapenei ekiteko.

Iurretako alkatea, Oskar Koka, pozik agertu da Durangaldean lanpostu berriak sortzeko proiektua martxan jartzeko Iurretako udalerria aukeratu dutelako.

Izan ere, Osakidetzak, joan den urtarrilean, plataforma logistiko berri bat eraikitzeko eta abian jartzeko lizitazioa egin zuen. Plataforma horren helburua da bere osasun-sareari bere funtzionamendurako beharrezkoak diren hornidurak – sanitarioak eta ez-sanitarioak – eskuratzeko eta banatzeko agintzea. Erosketa horien zenbatekoa 500 milioi eurokoa da urtean.

Kontratuaren xedea, datorren uztailean esleituko dena, zentroaren diseinua, eraikuntza eta kudeaketa barne hartzen ditu, 30 milioi euroko inbertsioarekin eta martxan jartzeko 2 urteko epearekin.

Kokapena

Euskal Telebista ETBren Iurretako eraikin zaharraren egungo kokapena, Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari joan den apirilaren 3an sinatutako hitzarmenaren esparruan utzitako espazioa, izango da zentro logistiko berria eraikiko den tokia, non hornikuntza-eredu malgua eta eraginkorra ezarriko den.

Biltegirako erabiliko den guneak kokapen estrategikoa du, distantzia laburrak baititu sareko edozein zentrotara, eta irteera erraza du autobiderako, zerbitzua bizkorragoa izan dadin. Gainera, 10.000 m2 inguruko instalazio modernoa eta balio teknologiko handikoa eraikitzeko aukera ematen du, ibilgailuak aparkatzeko eta kamioiak maniobratzeko espazio egokiarekin. Eraikinak osasunaren arloko I+G+b jarduerak ere hartuko ditu, osasun-materialaren jarduera logistikoarekin lotuta.

Banaketa

Zentro logistiko horren helburua da, batetik, hornidura horiek eskuratzean arrazionalizazio eta sinplifikazio handiagoa lortzea, eta, bestetik, zentro bakar batetik materialak ospitaleetako eta osasun-zentroetako biltegietara bidaltzea kudeatzea.

Gaur egun, Euskal Osasun Zerbitzuak 2 mila hornitzaile inguru ditu, materialak Osakidetzako zentroetan banatzeko. Material sanitarioaren erosketaren % 35,7 eta material ez-sanitarioaren % 17,1 zentralizatuta daude, eta gainerakoa erakunde sanitario integratuek erosten dute.

Azken batean, erosketa-sistema honek eskaintzen dituen abantaila nagusiak honako hauek dira: bolumenaren araberako prezioen murrizketa, hornitzaileen arrazionalizazioa, hornikuntza eta banaketarako prestasuna logistika-praktika hobeen bidez kostu txikiagoan, stock-hausturei eta zaharkitzeei aurre egitea edo prozesu eraginkorragoak, automatizatuagoak eta estandarizatuagoak izatea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top