Gaur egun, zentro berriaren Plan Funtzionala zehazten ari da

DURANGO | Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bilera izan dute berriki Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan, herriko osasun-arretarako funtsezkoak diren bi gaitan aurrera egiteko: Gaitasun Handiko Osasun Zentroaren proiektua eta anbulantzia medikalizatu bat zerbitzuan jartzea.
Topaketan parte hartu dute Alberto Martinez Osasun sailburuak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari orokorrak, Koldo Berganzo Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Josune Escota alkateordeak.
Bileran, sailburuak udal ordezkariei jakinarazi zien Gaitasun Handiko Osasun Zentroaren proiektuaren idazketa Osakidetzaren 2026ko Inbertsio Planean sartuko dela. Gaur egun, zentro berriaren Plan Funtzionala zehazten ari da. Bertan zehaztuko dira zentro horrek izango dituen osasun-zerbitzuak, eta, horri esker, proiektua idazteko lizitazioa egin ahal izango da.
Bestalde, Durangoko egungo osasun-anbulantziaren larrialdi-zerbitzua medikalizatzea ahalbidetuko duen gailu berri bat ezartzeko aukera ere aztertu da bileran. Osasun Sailak beharrezkotzat jotzen du Durangaldeko larrialdi-zerbitzua indartzea, eta, horretarako, dauden aukerak aztertzen ari da, datozen hilabeteetan hobekuntzak ezartzeko.
Mireia Elkoroiribe alkateak aurrerapen horien garrantzia azpimarratu du: “durangarren osasuna lehentasuna da guretzat. Gure konpromisoa da gure esku dagoen guztia egitea Durangon eta eskualdean osasun arreta hobetzeko. Horregatik, ahalik eta zerbitzu gehien hemen, gure herritarrengandik gertu, eman daitezen lan egingo dugu, eta hori lortzeko urratsak ematen jarraituko dugu”.