Hego Koreako enpresak bisitatzeko gastuak ordaintzeko lan egingo dute udan
ATXONDO | Mondragon Unibertsitateko ikasleek igerilekuetako tabernaren kudeaketa hartu dute astelehen honetatik. Atxondoko Udalak horrela esleitu zuen Apatako igerilekuko taberna. Hasiera batean, igerilekuaren ordutegi bera izango du tabernak, astelehenetik igandera.
Berritutako azpiegitura honetan tabernako arduradunak hasi dira zerbitzua ematen. Mondragon Unibertsitatean Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza ikasketak egiten ari diren 19 eta 21 urte bitarteko gazteak dira. Durango, Elorrio, Gasteiz, Aretxabaleta eta Eibarko gazteak dira, besteak beste. Urtero bidaia bat egiten dute ikasketak direla eta. Alemanian eta New Yorken izan dira, eta datorren urtean Hego Koreara eta Indiara joan nahi dute. Enpresak bisitatu eta proiektuak garatuko dituzte herrialde horietan. Apatako igerilekuan bildutako diruak bidaiak finantzatzeko balioko du.
Ilusio handiz
Jana Roman Rosete 21 urteko gasteiztarrak tabernan lan egiteko “ilusio eta gogo handiarekin” daudela adierazi du. Azpiegiturarekin ez dute aitzakiarik. “Dena oso ondo dago. Ikusten da berrituta dagoela eta etxetresna elektrikoak berriak direla. Guretzat, primeran! “, dio Ander Riviere Garciak, 19 urtekoa eta Aretxabaletakoa.
Era guztietako freskagarriez gain, ogitartekoak, natxoak, patatak eta gofreak eskainiko dituzte.
Udalak igerilekuaren kudeaketa zuzena berreskuratuko du aurten, eta hainbat hobekuntza egin ditu tabernan. Adibidez, sukaldeko etxetresna elektriko gehienak berriak dira, ontzi-garbigailua adibidez. Gainera, espazioa eraberritu eta sistema elektrikoa berritu dute.