Proiekturako inspirazio iturri moduan, egonaldi bat egingo du herrian
ATXONDO | Abian da Udalbiltzak antolatutako “Geuretik Sortuak” kultur egitasmoaren hirugarren edizioa. Aurten 30 sortzaile hautatu dituzte, beste horrenbeste herritan kultur proiektuak garatzeko eta Atxondoren kasuan Miren Artetxe Sarasola bertsolari eta ikerlari hendaiarra hartuko duela ezagutzera eman da.
“Artetxeren sormena eta Atxondo ipuin batek lotuko ditu. Artetxek heriotzari eta haren inplikazioei buruz hausnartzeko baliatu gura du ‘Geuretik Sortuak’ beka eta heriotza bat muinean izango duen ipuina Atxondon kokatuko du. Horrela, Atxondotik abiatuta, unibertsala den gaiaren askotariko ertzak jorratu gura ditu”, aurreratu dute udal ordezkariak.
Artetxek egonaldi bat egingo du Atxondon proiekturako inspirazio iturri moduan. Egonaldian, askotariko jende-taldeekin espazioa eta denbora konpartitzea da helburua, herriko bizimodua, ohiturak eta errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Horrez gainera, herritarrentzat irekiak diren ekitaldiak antolatzea gustatuko litzaioke. “Oso pozik nago egonaldia Atxondon egitearekin, nire eguneroko errealitatetik urrun geratzen delako eta Anbotopeko edertasun handi horren barruan dauden edertasun txikiak bilatzeko aukera izango dudalako”, adierazi du Artetxek.
‘Geuretik Sortuak’ egitasmoa
Proiektuak euskal artisten sormena eta euskal herriko kontakizunak uztartzea du helburu, euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzeko. Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian bi urtez luzatzen den egitasmoa. Beraz, 2021-22 eta 2023-24ko edizioen ostean, aurten hirugarren aldia abiatu du. Oraingoan 30 sortzailek lortu dute Udalbiltzaren beka, inoiz baino gehiagok.