Mendizale zornotzarrari omenaldia eginez, hilabete osoan zehar, hainbat ekintza antolatu dira

AMOREBIETA-ETXANO | Irailean zehar, Berba Lapiko ekimenak mendizaletasuna eta Andrés Espinosa zornotzarra izango ditu ardatz. Berba Lapiko programaren bidez, mendiaren, argazkigintzaren eta historiaren inguruko hainbat jarduera antolatu dira, Espinosaren figura gogoan hartuta.
Berba Lapiko Amorebieta-Etxanoko liburutegian kokatzen den kultur ekimena da, eta bere helburua da hilero gai zehatz baten inguruan irakurketa eta ezagutza sustatzea herritarren artean. Horretarako, liburutegiko espazio batean, aukeratutako gaiarekin lotutako liburuak, aldizkariak eta bestelako materialak jartzen dira eskuragarri. Horrela, adin guztietarako interes eta hausnarketarako gune ireki bat sortzen da.
Oraingo honetan, Berba Lapiko mendizaletasunaren inguruan ariko da; gai hori ardatz hartuta material desberdina egongo da eskuragarri liburutegian. Mendialetasunaren inguruko interesa pizteko edo berriz pizteko aukera paregabea eskaintzen du hilabete honetako eskaintzak. .
“Mendian” erakusketa
Irailaren 15etik 26ra, liburutegiko lehen solairuko sarreran ikusgai egongo da “Mendian” izeneko argazki-erakusketa. UztargiKlik elkarteko kideek mendiari buruzko ikuspegi pertsonal eta artistikoak jasotzen dituzten lanak aurkeztuko dituzte bertan.
Alex Txikonen hitzaldia Andrés Espinosaren inguruan
Irailaren 22an, 19:00etan, Alex Txikon alpinista bizkaitarrak hitzaldia eskainiko du Zelaietako auditorioan. Topaketa Andres Espinosaren legatuaren inguruan egingo da, eta laster Azpeitiko Mendi Museoan jarriko den mendizale zornotzarraren material pertsonalaren erakusketaren atari izango da. Txikonek Espinosaren garrantziaz duen ikuspegia partekatuko du.
Andres Espinosaren omenez ibilbide gidatua
Hilabeteko ekintzei amaiera emateko, irailaren 28an Andrés Espinosaren omenez ibilbide gidatua egingo da. Bi aukera egongo dira: ibilbide nagusia, 22,6 kilometrokoa, 08:00etan abiatuko da Jauregibarria parketik; eta ibilbide laburra, 6 kilometrokoa eta familientzako egokia, 10:00etan hasiko da toki berean. Azken ibilbide hau PR BI-74 gisa dago homologatuta eta hiru interpretazio-mahai ditu bidean.
Programa zabal honen bidez, Amorebieta-Etxanok mendiarekin duen lotura estua erakusten du eta Andrés Espinosari, euskal alpinismoaren historiako erreferente nagusietako bati, merezitako aitortza egin nahi dio.