Irailean berriro hastekoak ziren kontzentrazioak behin-behinean bertan behera utzi dira
ABADIÑO | Abadiñoko Udalak Osakidetzaren bitartez jakin ahal izan duenez, Traña-Matienako osasun zentroak pediatria zerbitzua berreskuratuko du. Lanpostu hori beteko duen pediatra urriaren erdialdean hasiko da lanean Abadiñon, beste zentro batean indarrean duen lan-kontratua amaitutakoan.
Joan den urtearen amaieratik, ez da pediatria-zerbitzurik egon Traña-Matienan. Harrezkero, Udalak bilerak egin ditu Osakidetzarekin, epe luzerako behin betiko konponbide egonkor bat bilatzeko. Baina, praktikan eta behin-behinean, 0-6 urtetik beherakoek Zelaietako zentrora joan behar dute, eta 7-14 urtekoek Zaldibar edo Elorriora.
Osakidetzak alternatibarik ez zuenez, Abadiñoko Udalak elkarretaratzeak deitu zituen ekaineko asteazkenetan, pediatriako zerbitzu duina eskatzeko. Lau astez, ehunka abadiñar bildu ziren Traña-Matienako osasun zentroaren aurreko plazan. Pediatria-zerbitzua hilabete pasatxo barru itzuliko dela aurreikusten denez, kontzentrazioak behin-behinean etengo dira.