Jeltzaleek adierazi dute ez dela “osasungarria” koalizioak Mankomunitatea kudeatzeko eta gobernatzeko modua
DURANGALDEA | Mankomunitatean aurrekontuak adosteko EH Bilduren “borondate eza” kritikatu dute jeltzaleek Durangaldean. Azaldu dutenez, EAJk 9 gairi buruzko adostasuna lortzea eskaini zuen, baina “EH Bilduk ez du akordiorako borondaterik erakutsi, ez aurrekontuak aurkeztu baino lehen, ezta prozeduran bertan ere. Bestalde, azalpenik eman gabe, EH Bilduk aurrekontuen bertsio batzuk aurkeztu ditu, eta horietako batzuek Mankomunitatea osatzen duten alderdien lana oztopatu dute azken orduan “kritikatu dute.
Durangaldeko EAJ-PNVk Mankomunitatearen 2025eko aurrekontuak “hobetzeko” aurkeztu dituen bederatzi proposamenak, besteak beste, honako hauetan oinarritu dira: eskualdean bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ekimenak indartzea, bereziki ahulenena; ingurumena zaintzeko urrats berriak ematea; Elkartegiaren erosketa bideratzea Mankomunitatearen zerbitzuen baterako jarduera eraginkorrago baterako, eta baliabideen erabilera arduratsua ahalbidetzea.
Azaroaren erdialdean abian jarritako prozesuan, “EH Bilduk negoziatzeko borondaterik ez duela ikusita”, EAJ-PNVk Mankomunitateko ordezkaritza zabalena duten bi alderdiek bat egiteko eta adostasunera iristeko ahalegina egiteko eskatu zuen joan den abenduaren 4an. “EH Bilduk, abenduaren bosteko mezu baten bidez, bilera bat ezarri zuen hilaren bederatzian, 11:00etan, bilera ordu horretan egitea ezinezkoa zela jakinda, baina beste aukerarik eman gabe, hau da, ez du borondaterik erakutsi bilera egiteko eguna eta ordua adosteko”, zehaztu dute jeltzaleek.
EAJ-PNVk uste du Mankomunitatea kudeatzeko eta gobernatzeko modu hori ez dela “osasungarria” eta, beraz, jarrera aldatzeko eskatu dio EH Bilduri. Era berean, EAJ-PNVren iritziz, Mankomunitateak ezin du, besterik gabe, baldintza berririk ezarri aldez aurreko eztabaida bideratu gabe eta parte hartzen duten udalekin adostasuna landu gabe, “aldebakarreko erabakiez baliatuta”.
Horregatik,, EAJ-PNVk iragarri du ez dituela babestuko Durangaldeko Mankomunitatearen 2025eko aurrekontuak. “Era berean, adierazi behar da datorren urteko aurrekontuetan ez dela ideia berririk aurkitu, ez dela Mankomunitatearen kudeaketan eraginkortasunik sumatu, ez eta Durangaldeko herritarren beharrei behar bezala erantzuteko lan eta lankidetzarako borondaterik ere”, gaineratu dute jeltzaleek.