Udalak egindako eskaera nagusien artean daude tentsio altuko lineentzako segurtasun-distantzia handiagoak ezartzea eta lineen lurperatzea

MALLABIA | Udalak Alegazioak aurkeztu ditu 2030eko Horizonterako Energia Elektrikoaren Sarea Planifikatzeko Proposamenaren Ingurumen Azterketa Estrategikoari. Proiektua Energia Politika eta Meatzaritzako Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako ekimen bat da. Proposamenak azpiegitura elektrikoen hedapena eta indartzea aurreikusten du, eta horrek tentsio altuko lineak jartzea ere badakar. Mallabiko kasuan, proiektuak etxebizitza eta herriguneen inguruko eremuak eragingo lituzke.
Harira, Udalak bere kezka sakona adierazi du plan honek Mallabiko bizilagunen osasunean eta udalerriko ingurune naturalan izan ditzakeen inpaktu negatiboen inguruan. Hori dela eta, alegazioak aurkeztu dira azpiegitura horien garapena modu arduratsuan bermatzeko, pertsonen babesa eta ingurumenaren zaintza kontuan hartuz.
Mallabiko Udalak “argi eta sendo” eskatu du eremu horretako bizilagunen segurtasuna bermatuko duten neurri gehigarriak hartzea. Eskaera nagusien artean honako hauek daude:
- Segurtasun-distantzia handiagoak ezartzea: Tentsio altuko linea berriek gutxienez 100 metroko distantzia izan beharko dute etxebizitzetatik eta 500 metroko distantzia herriguneetatik, inguruko bizilagunen osasuna babesteko.
- Erradiazioekiko esposizio mailak berrikustea: Egungo ingurumen azterketak 100 mikroteslako erradiazioekiko esposizio mugak proposatzen ditu, Udalak altuegitzat jotzen dituenak. Horren ordez, gehieneko muga 0,1 mikroteslatan finkatzea eskatzen da, Europako erakunde garrantzitsuen gomendioei jarraituz, hala nola Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrarena, zeinak eremu elektromagnetikoek osasunerako dituzten arriskuak azpimarratzen baititu.
- Tentsio altuko lineen lurperatzea sustatzea: Udalak ere azpiegitura berrien lurperatzeari lehentasuna ematea eskatzen du, udalerriko faunan, paisaian eta ingurumen naturalean duten eragina minimizatzeko.
- Tokiko eta autonomia-erkidegoko administrazioen parte-hartzea bermatzea: Mallabiko Udalak eskatu du azpiegitura mota hauen plangintzan eta exekuzioan tokiko eta erkidegoko agintarien iritzia kontuan hartzea, herritarrei dagokien informazioa eta beharrak hobeto ezagutzen dituztelako.
Alegazio hauen helburu nagusia da Mallabiko bizilagunen osasuna eta udalerriko ingurune naturala errespetatuz azpiegitura elektriko berrien garapena modu arduratsuan bideratzea. “Uste dugu udalerriko energia-garapenean aurrera egitea posible dela, herritarren bizi-kalitatea eta ingurumenarekiko errespetua sakrifikatu gabe. Horregatik, aurkeztu ditugun alegazioek azpiegitura beharrezkoen hazkundea biztanleria eta ingurumenaren babesarekin bateratzea dute helburu”, adierazi du Mallabiko alkateak, Igor Agirrek.
Mallabiko Udalak bere bizilagunen ongizatearekin eta ingurune naturalaren kontserbazioarekin duen konpromiso sendoa berretsi du. “Aurkeztutako alegazioek neurri babestuagoak hartzeko eskaera egiten dute azpiegitura elektrikoek inguruan bizi diren pertsonen bizitzan eragin zuzena dutelako. Udalak adi jarraituko du eta Mallabiaren interesak defendatuko ditu dagokion tokian eta eskumeneko agintarien aurrean”, amaitu du alkateak.


