Arratsaldeko seietan, Matienako Errota Kultur Etxean izango da

ABADIÑO | Datorren ostegunean, ekainak 19, arratsaldeko seietan, Abadiñoko Matienako Errota Kultur Etxean, Abadiño Lagunkoiak, lagunkoitasunaren diagnostiko parte-hartzaile berria aurkeztuko du, eta, aldi berean han bertan, II. Ekintza Planaren diseinuari ekiteko iritziak eta ekarpen berriak bilduko dira. Plan berri hau, udalbatzarekin adostu ondoren, datozen bi urteetan gauzatuko da. Aurkezpen-ekitaldia, kafea eta pasta batzuekin amaituko da eta diagnostiko prozesuan parte hartu duten guztiei dokumentuaren kopia bat emango zaie.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) udalerriak adinekoekin lagunkoiak izaten laguntzeko, proiektu bat du. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak Euskadi Lagunkoia planetik babesten du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, “Bizkaia, adin guztietarako lurralde lagunkoia” programatik.
2016ko urritik herrian ideia hori garatzen ari den adinekoen taldearen izena, Abadiño Lagunkoia da.
Bilerak antolatzen eta materialak prestatzen denbora gehien ematen duten pertsonek osatzen dute Talde Motorra deritzoguna. Udaleko gobernu-taldea eta gizarte-ongizateko batzordea eurekin lankidetzan ari dira, eta, gainera, Maraka enpresa kontratatu dute antolaketa babesteko.
2024ko irailean amaitu zuten Udalarekin 2018an adostutako I. Ekintza Plana eta edizio berri batean pentsatzen hasi ziren. 2024ko irailetik orain arte hainbat lan egin dituzte euren herriaren lagunkoitasuna ezagutu eta hobetzen jarraitzeko, zer behar duen jakiteko:
- Aurreko edizioko Diagnostikoa eta Ekintza Plana dokumentuak errepasatu dituzte.
- Paperean eta Interneten bidez inkestak egin zituzten.
- OMEk proposatutako zortzi arloak aztertzeko bilerak izan zituzten taldeka.
- Zaintzaile, merkatari eta adinekoekin lan egiten duten pertsonekin bilerak egin zituzten.
- Auzoetan bilerak eta inkestak egin zituzten.
Zortzi hilabete hauetako lanaren emaitza da orain abadiñarrei aurkezten diegun dokumentu berria.