Hiruhilekoan komikien eta eleberri grafikoen irakurketa sustatuko
ERMUA | Liburutegiak komikien eta eleberri grafikoen irakurketa sustatuko du otsailetik apirilera bitartean, herritar guztientzako jardueren bitartez. Apirilaren 30era arte liburutegiko katalogoan sartu berri diren literatur genero honetako nobedadeek protagonismoa hartuko dute. Horiek bi erakustokiren bidez ezagutaraziko dira, bata helduen gelan eta bestea haurren liburutegian. Horiez gain, ez dira ahantziko irakurtzea merezi dutuen kalitatezko beste izenburu eta bilduma batzuk, argitaratu berriak ez badira ere.
Liburutegiak egileek eskainitako eta sinaturiko komikiak zozkatuko ditu, otsailean, martxoan eta apirilean komikiak maileguan daramatzaten irakurleen artean.
Era berean, Ermua eta Mallabiko Lehen Hezkuntzako 5. mailako, Bigarren Hezkuntzako 4. mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleek Martin Azpilikueta ilustratzaileak emango dituen komiki-ilustrazio tailerretara bertaraturko dira, eskola-orduetan.
Tailerretan parte hartzen dutenek, ondoren, haurrentzako eta gazteentzako V. komiki lehiaketan aurkeztu ahal izango dituzte beren lanak. Lehiaketa horren deialdia martxoan egingo da.
Liburutegiak ikastetxeekin elkarlanean garatutako kanpainen ondorioz (komiki-ilustratzaileekin topaketak eta ikasgela guztietarako titulu jakin batzuen mailegua), komikien eskariak eta haien maileguak gorakada nabarmena izan dute azken urteotan, eta, batez ere, haurren artean.
Liburutegia ahalegin handia egiten ari da irakurleen gustu guztietarako eleberri grafikoak eta komikiak eta merezi duten ilustratzaile berrien lanak aukeratzeko eta eskuratzeko inbertsioan.