DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Jantoki Eko-Arduratsuaren goi mailako ziurtagiria jaso du Kurutziagak

Jasangarritasunari lotutako bi proiektu garrantzitsu egiten aritu dira ikasturtean zehar

Goi mailako zertifikazioa eskuratu du Kurutziagak

DURANGO | Duela urtebete, Ausolan taldeak eta Kurutziaga Ikastolak urrats aitzindaria eman zuten eskola- raunkortasunean, Bureau Veritasek emandako Jangela Eko-Arduratsuaren ziurtagiria lortu baitzuten. Oraingo honetan, goi mailako zertifikazioa eskuratu du Kurutziagak.

Lehen urte honetan, arreta jarri da elikagai-hondakinen murrizketan eta baliabideen optimizazioan, neurri zehatzen bidez, hala nola:

● Hondakin organikoa neurtzeko eta murrizteko metodologia berri bat, ekintza zehatzagoak diseinatzeko aukera ematen duena.
● Ikasleak zuzenean inplikatzea hondakinak bereizten, pisatzen eta kontrolatzen, jantokiaren ikuspegi pedagogikoa indartuz.
● Jankideen artean erabilera bakarreko plastikoa erabat ezabatzea, eta horren ordez ontzi berrerabilgarriak jartzea.
● Hornitzaileekiko lankidetza, produktuen formatuak egokitzeko eta plastikozko ontzien erabilera murrizteko.
● Ikasleak xahuketaren aurkako urteko planaren arduradun izendatzea, hezkuntza-figura hori funtsezkoa baita ohitura iraunkorrak sustatzeko.
● Sukaldeko eta jantokiko ekipamendua berritzea (marmitak, mahai beroak eta galdara) eraginkortasun energetikoa hobetzeko.

Hezkuntza mailan, jasangarritasunari lotutako bi proiektu garrantzitsu egiten aritu dira ikasturtean zehar:

‘Ogia baino gehiago’: Ikasleak jantokira joaten aritu dira, 14:20an, kontsumitu barik gelditu den ogi kopurua neurtu eta fitxa betetzeko. Horrela, hileroko ogi soberakina neurtzen aritu dira.

Xahuketaren aurkako urteko plana: LH5eko ikasleak LH1eko txandan sartzen aritu dira janari- hondakinak sailkatzeko. Txandaren bukaeran hondakin horren pisaketak egiten aritu dira ikasturte osoan zehar zenbat soberakin botatzen den jakiteko.

“Proiektu zehatzez gainera, berbaldiak, muralak, dekalogoa eta beste hainbat ekintza ere egin dugu”, azaldu du Amaia Sanz hezkuntza proiektuko arduradunak. “Bestalde, organikoari dagokionez, fruta azalak sailkatzen aritu gara konposterako zenbat fruta azal erabiltzen dugun ezagutarazteko”, azaldu du Ariane Nuñez jantokiko arduradunak.

“Iraunkortasuna ez da behin ziurtatzen, egunero eraikitzen da. Jantoki honek erakusten du, borondatea, konpromisoa eta hezkuntza ikuspegia dagoenean, posible dela eredu bidezkoago eta gure ingurunearekiko begirunetsuago baterantz aurrera egitea “, azpimarratu du Urko Rodríguez Kurutziaga Ikastolako kudeatzaileak.

Beste ziurtatzaile batzuek ez bezala, Bureau Veritasen zigiluak etengabeko ebidentziak eta etengabeko hobekuntza eskatzen ditu. “Auditoria hau ez da izapide bat. Egunero erakutsi behar da jangela espazio hezitzailea, osasungarria eta ingurunearekin konprometitua dagoela. Horregatik, lorpen kolektiboa da, talde osoaren eta hezkuntza-komunitatearen ahaleginari balioa ematen diona “, azpimarratu du Nuria Carbajales Ausolaneko Kudeaketa Sistemen zuzendariak.

10 urteko ibilbidea Orain hamar urte jantoki ereduaren inguruko aldaketa planteatu zuten Kurutziagan, guraso talde batekin hausnarketa sakona eginez. Ikastolak apustu bat egin zuen bertoko eta sasoiko produktuak ikastetxeko menuan gehitzeko. Prozesuaren abiapuntuan, bazkari osasungarriagoa eta inguruko baserritarren produktuak kontsumitzea izan zen helburua. Azpimarratzekoa da Durangoko ikastolan egunean 800 menu baino gehiago prestatzen direla.

Bazkaloste hezkuntza proiektu pedagogikoa eta kanpo espazioa Kurutziaga ikastolan ikasleen AISIA, gelako ekintzetatik kanpo ikasleek elkarrekin gozatuz garatzen dituzten lagun arteko bizipen eta une legez ulertzen dugu. Hain zuzen, jolastordu, bazkaloste zein eskolaz kanpoko denbora tarteek osatzen dutena. Bazkalostea horietako unea dugu. Izaera hezigarria duen aisialdi tarte askea da, jarduera zuzendu zein libreak tartekatuz.

Jantokian geratzen diren haur eta gazteen garapenerako funtsezko espazioa eta unea dela ulertzen dute, horregaitik jasangarritasuna hezkuntza integralaren motore gisa hartzen duten jarduerak garatzen dituzte, osasuna, aisia, denbora librea eta ingurumenarekin bat datorren bizikidetza sustatuz. Jantokiko zerbitzu kuotaren baitan kokatzen da kostu gehigarririk gabe, berdinen arteko desberdintasunak gaindituz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top