Urriaren 6an jokatuko dira finalerdiak eta urriaren 13an, San Fausto egunean, finala

ZESTA PUNTA | Donostiako Final Four-ak arrasto handia utzi du zesta-punta profesionalean. Carmelo Balda bezalako frontoi garrantzitsu bat, urte askoren ondoren, maila goreneko txapelketa baten eskenatoki bihurtu da, Jai Alai Leagueko txapeldunak erabakiz. Arrakasta itzela izan da arlo guztietan: kirol, antolakuntza zein arlo mediatikoan. Bada, Donostiakoa ahazteko denbora nahikorik gabe, ate joka dugu zesta-punta profesionaleko denboraldi berria eta beste frontoi garrantzitsu eta historiko batek izango du horren ardura. Durangoko Ezkurdi pilotalekuak.
Berritze lanak bukatu eta 2023an inauguratu zenetik, berriz ere zesta-puntako erreferentzia izatea lortu du Ezkurdik.. 1955garren urtean eraikia, Durangoko frontoiak paper historikoa jokatu du kirol honen eboluzioan eta gaur egun ere, bertan jokatzen dira punta-puntako txapelketa garrantzitsuenetakoak: emakumeen Euskotren Winter Seriesa, gizonezkoen Banakakoa eta baita, azken bi urteetan, gizonezkoen Final Four
a ere. Aurtengo denboraldia aldaketak datoz eta Final Four-aren ordez, Durangok bere Master Series propioa eta puntuagarria izango du. Hain zuzen ere, Ezkurdin banatuko dira denboraldi berriko Ligarako lehen puntuak.
Jai Alai League-ak zesta-puntaren gorengo mailan kokatzen du Durangoko herria. Ligako parte izateak, pilotari onenen partehartzea dakar, eta horrekin batera, txapelketaren beraren ikusgarritasuna eta jarraipena. Halakoxea izango da Durangoko Master Seriesa: pilotari onenak Ezkurdin, Jai Alai Leaguerako ezinbestekoak diren puntuengatik borrokan, eta egun horietan, Durango zesta-puntaren erreferentzia nagusi bihurtuta.
Barandikaren Urrezko Gerrikoa
Lau bikote, zortzi pilotari izango ditugu Durangoko txapelaren lehian eta horietako bat, Xabi Barandika, Jai Alai Leagueko egungo txapelduna da. Gernikarrak, bigarren urtez jarraian lortu du Ligako titulua. Lehena Durangon bertan lortu zuen eta bigarrena, astelehen honetan bertan, Donostian. Ligako txapeldunen sari nagusia “Urrezko Gerrikoa” da eta Barandikak Durangoko Ezkurdin estreinatuko du, urre kolorekoa den oihalezko trofeoa. Hemendik eta denboraldia amaitu arte, gerriko horrexekin jokatuko du Barandikak.
Barandikak, Unai Lekerikabeaskoa bere herrikidearekin jokatuko du Durangon eta aurkariak Erkiaga eta Del Rio izango dira. Barandika eta Erkiaga, berriro ere aurrez aurre. Donostiako finalerdietan, gernikarra izan zen nagusi eta Ispasterkoak errebantxa nahi du Ezkurdin. Horretarako, Julen Del Rioren laguntza izango du. Gasteiztarrari mesede egiten diote frontoi laburragoek eta Bilboko Deportivorekin batera, Durangoko Ezkurdi da bere ezaugarrietara gehien egokitzen dena. 52 metroko luzera izanda, eskumaz jokatzen duten atzelariek gozatu egiten dute Ezkurdin eta Lekerikak eta Del Riok ikuskizuna eman dezakete bertan.
Urriaren 6-ko bigarren partida izango da hori. Lehenbizikoan, Urreisti eta Zabala, Olharan eta Ibarluzearen aurka neurtuko dira. Atzeko koadroetan, bi markinar elkarren kontra eta pronostiko argirik gabeko kanporaketa. Bi partida hauen irabazleak San Fausto eguneko final handian neurtuko dira elkarren kontra.
Master kategoriako txapelketa denez, bikote irabazleak 1.000 puntu eskuratuko ditu Ligako rankingean, bigarrenak 600 eta hirugarren eta laugarrenek 360 puntu.
Urriak 6, 19:30tan. Master Series finalerdiak
- URREISTI-ZABALA vs OLHARAN-IBARLUZEA
- ERKIAGA-DEL RIO vs BARANDIKA-LEKERIKA
Urriak 13, San Fausto. 19:30-tan:
- 1. Partidua + FINAL HANDIA
BONOAK ETA SARRERAK
Bi egunetarako bonoak eta jardunaldi bakarrerako sarrerak ere, salgai daude jada www.eramanjaialai.com webgunean.