Urtarriletik ekainera, bederatzi emanaldi eskainiko dira Ibarretxe Kultur Etxean, publiko guztientzat eta euskarazko lanak indartuz

IURRETA | Antzerkiak berriro ere pisu nabarmena izango du Iurretako kultur eskaintzan datozen hilabeteetan. Iurretako Udalak, Kultura Arloaren bidez eta Anderebide Elkartearekin elkarlanean, Antzerkia Bultzatuz zikloaren edizio berria aurkeztu du, urtez urte sendotzen ari den egitasmoa.
Ekainera arte, programazioak bederatzi ikuskizun bilduko ditu, aurreko edizioan baino bi gehiago. Emanaldi guztiak Ibarretxe Kultur Etxean izango dira, 125 lagunentzako edukiera duen espazioan, adin eta gustu askotariko ikusleei zuzendutako eskaintzarekin.
Zikloaren helburu nagusietako bat aretoko programazio egonkorra sendotzea da. Horretarako, haurrentzako zein helduentzako antzezlanak eskainiko dira. Aldi berean, Kultura Arlotik azpimarratu dute antzerkia herritar guztiengana hurbiltzeko nahia eta euskarazko ekoizpenei bultzada emateko konpromisoa.
Emanaldietara joateko sarrera erosi beharko da, ikuskizun bakoitza baino aste bete lehenagotik aurrera Kultur Etxean bertan. Antolakuntzak azaldu du neurri honek publikoaren konpromisoa bilatzen duela, ez helburu ekonomikorik. Pilar Jiménez Kultura arduradunaren hitzetan, aurreko edizioetan ohikoa izan da gonbidapenak hartu eta azkenik ez joatea, eserleku hutsak sortuz. Hori saihesteko, prezio sinbolikoak ezarri dira: 3 euro helduentzat eta euro bat 18 urtetik beherakoentzat.
Programazioa
– Urtarrilak 23, 19:00: Los ángeles de Sabin (helduentzat).
– Otsailak 6, 19:00: Ellas de oro (helduentzat).
– Otsailak 20, 18:00: Zaintzaren dantza (haurrentzat, euskaraz).
– Martxoak 6, 18:00: Bizi Bizi Zirkua (haurrentzat, euskaraz).
– Martxoak 13, 19:00: Descósame las alas (helduentzat).
– Apirilak 17, 19:00: Abdukzioa, que barbaridad (euskaraz).
– Maiatzak 8, 18:00: Bizia Lehoi Erregea (haurrentzat, euskaraz).
– Maiatzak 22, 19:00: El encargo (helduentzat).
– Ekainak 5, 19:00: Como la vida misma (helduentzat).
Antzerkia Bultzatuz zikloaren edizio berri honekin, Iurretako Udalak kulturarekiko eta antzerkia dinamizazio eta topagunerako tresna gisa ulertzeko duen apustua berretsi du, udalerriko kultur bizitzan erreferente bihurtu den programazioari jarraipena emanez.


