Euskal saxofoi-jotzaileak eta japoniar piano-jotzaileak musika emanaldia eskainiko dute eta Guinovart, Miquel de Jorge eta Guridiren piezak joko dituzte

GARAI | Iñaki Bermúdezen musikari-sena musika berriari lotzen zaio osoro. Artista moduan, Yamaha Music Europe, D’Addario Woodwinds eta JLV Paris konpainietan parte hartzen du. Egun, musika interpretazioko doktoretza egiten ari da Parisko Goi Mailako Kontserbatorio Nazionalean eta Sorbonako Unibertsitatean, eta IRCAMen (Pompidou Zentroa) garatzen ari da ikerketa-jarduera. Parisko Conservatoire National Supérieur de Musique et Dance, Bruselako KCB eta Bartzelonako Conservatori Superior Liceuko lizentziaduna da; Iñaki Bermúdezek nazioarteko ibilbidea egin du bakarlari gisa eta ganbera-musikako hainbat proiektutan dabil.
Musika-arloan, nazioarteko hainbat lehiaketatan saritu dute, hala nola Classic Winds International Saxophone izenekoan, eta finalista izan zen Tel Aviveko Clarinet Competition lehiaketan. Bestalde, lehen saria eskuratu zuen Luxenburgoko Bakarlari Gazteen 34. Europako Lehiaketan, bigarren saria Antón García Abril Nazioarteko Lehiaketan edo 2. saria France Musique lehiaketan. Bakarlari-lanetan, hainbat orkestrarekin jo du, besteak beste, Armeniako Estatuko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Asturiasko Printzerriko Orkestrarekin eta Filarmonia Veneto orkestrarekin. Era berean, sona handiko hainbat orkestrarekin aritu da, berbarako, Parisko Ensemble Intercontemporain, OLC edo Ensemble Regards-ekin.
Irakasle gonbidatu jardun du hainbat kontserbatoriotan maisutza-eskolak ematen: Bartzelonako Conservatori Superior Liceu, Belgikako LUCA School of Arts, Italiako Conservatori di Bari, Santiagoko Encontro Galego de Saxofón, Valentziako Villenako Kontserbatorioa… Artista egoiliarra izan da Parisko Cité International des Arts-en (2022-2024) eta Fondation Société Générale eta Agustí Fundación Pedro i Pons funazioek, Bizkaiko Foru Aldundiak (Artista Gaztea programaren esparruan) eta NYSMF (New York Summer Music Festival) elkarteak babestu dute Bermúdezen musika-ibilbidea.
Yume Takasaki 4 urte zituela hasi zen pianoa jotzen. Tokioko Goi Mailako Musika Eskolan hasi zen eta Japoniako piano-jotzaileen belaunaldi berriko ordezkari esanguratsuenetakoak diren Yusuke Kikuchi eta Tomoaki Yoshida musikarien eskutik ikasi zuen. Geroago musika-ibilbide oparoagoa izateko asmoz, Parisko Kontserbatorioan ikasteko aukera izan zuen Takasakik, eta bertan Roger Muraro eta Frank Braleyrekin ikasi zuen. Gainera, akonpainiamenduan trebatu zen Geraldine Dutroncy eta Jean-Frédéric Neuburger irakasleekin. Ganbera-musikaz liluraturik, masterra egin zuen CNSMDPen, Jens McManama eta Hae-Sun Kang irakasleen eskutik. Gogo horrek bultzaturik, musika klasikoa txertatzen duten errepertorio garaikideetan ere parte hartzen du: aukera berriak arakatzeko jarraitzeko modu bat iruditzen zaio, betiere bizipenak partekatzeko eta transmititzeko nahiari jarraituz. Piano irakaslea eta piano-jotzaile laguntzailea da Cachan eta Rueil-Malmaison kontserbatorioetan, hurrenez hurren. Azkenik hainbat talderekin aritzeko eskatzen diote sarritan Frantzian eta nazioartean.


