Egungo ordenantzarekin alderatuta, zabor tasa batez besteko % 26 igoko da urtean, hau da, 1,69 euro hilean

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak hiri-hondakinak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuagatiko tasa berria aho batez onartu du, Europako egungo araudia betez.
Horrela, aurtengo bigarren sehilekotik aurrera, Amorebieta-Etxanok hondakinak batzeari lotuta tasa berri bat izango du, Europako zuzentaraua apirilaren 8ko 7/2022 Legera, hain zuzen ere Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko Legera ekarriz, eta “zabor gehiago sortzen duenak gehiago ordaindu behar du” printzipioari jarraituz.
Amorebieta-Etxanoko Udalak Diego Francisco Marín-Barnuevo Fabo eta César Martínez Sánchez UAMeko Toki Zuzenbideko Institutuko katedradunen aholkularitza izan du ordenantza berria lantzeko eta Europako zuzentaraura ahalik eta modu bidezkoenean egokitzeko. “Hondakinak biltzeko tasaren eguneratzeak Europako araudira egokitzeko eta gure udalerrian hondakinen kudeaketak dakarren benetako kostuaren banaketa bidezkoagoa egiteko beharrari erantzuten dio”, adierazi du alkateak.
Ordenantza berriarekin, uraren eta saneamenduaren faktura zaborraren fakturatik bereiziko da. Beraz, bi ordainagiri ordainduko dira: bata uraren kontsumoari eta saneamenduari dagokiona eta bestea hondakinak biltzeko zerbitzuari dagokiona, eta hondakinak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuaren benetako kostua bere gain hartuko duen zaborren tasa aplikatuko da. 2024an, zerbitzu horren benetako kostua 1.594.174,77 eurokoa izan zen Amorebieta-Etxanon.
Zaborren tasa bi parametrotan oinarrituta osatu da: tasaren kostuaren % 40 etxebizitzaren katastro-balioaren arabera kalkulatuko da, hondakinak biltzeko zerbitzuak etxebizitzaren jabetzari eta honen inguruari balioa eman eta mesede egiten diolako. Gainerako % 60a “gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du” printzipioari lotuta egongo da, etxebizitza bakoitzean erroldatutako pertsonen kopurua kontuan hartuta.
Gaur egun, zabor-tasaren urteko ordainagiria 78.52 eurokoa da Amorebieta-Etxanoko etxe guztietarako. Etxebizitza horietako gehienak, % 73, 1, 2 edo 3 pertsonak osatzen dituzte. Tasa berriarekin, batez beste, familia horien urteko fakturak 20,37 euro igoko dira urtean, hau da, hilean 1,69 euro inguruko igoera izango da. Oro har, batez besteko ordainagiri berria 98,89 eurokoa izango da urtean, hau da, aurreko tasarekin alderatuz, batez besteko igoera %26koa izango da.
Ainhoa Salterain alkatearen hitzetan, “Etxebizitza bakoitzean erroldatutako pertsona kopurua edozein izanda ere, etxebizitza guztietarako tarifa laua aplikatzen den beste udalerri batzuetan ez bezala, Amorebieta-Etxanon hondakinen tasa ahalik eta bidezkoena izan dadin lan egin dugu. Leioa bezalako udalerriek % 50eko igoera izan dute, urtean 132 euro ordainduz, eta Galdakaok % 69,94 egin du gora, urtean 113,36 euro ordainduz, etxebizitza guztiei, modu berean, tarifa laua aplikatuta. Amorebieta-Etxanon, ordea, ‘gehien sortzen duenak gehiago ordaintzen du’ printzipioari jarraitzen diogu, eta tasa modu objektiboan eta ekitatiboan etxebizitza bakoitzean erroldatutako pertsona kopurura egokitu dadin diseinatu dugu; horrek esan nahi du Udalak ahalegin berezia egin duela kostua zerbitzuaren erabilera errealarekiko proportzionala izan dadin”.
Udal-hobarien ildotik, Udalak bi hobari aurreikusten ditu: batetik kuotaren % 90 egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonentzat: kotizazio gabeko pentsiodunentzat eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenentzat, eta, bestetik, eta kuotaren oinarri espezifikoaren % 30 edukiontzi marroia erabiltzeagatik, hilean gutxienez 8 erabilera egiten dituzten etxeak sarituz.
Bi hobariak HAZen edo egoitza elektronikoaren bidez eskatu beharko dira, instantzia orokor baten bidez, ordenantza indarrean sartzen den unean. Udalak bere garaian emango du epe horien berri; hala ere, aurreratu du, kasuan kasu, edukiontzi marroiaren erabilerari dagokion hobaria datorren urteari begira eskatu ahal izango dela.
Bilketa-zerbitzuaren kostuen % 55 familiek ordainduko dute; kostuaren % 25 industriak ordainduko du, bere hondakinak kudeatzen baititu; eta % 15 saltokiek, ostalaritzak eta jatetxeek hartuko dute beren gain. Gainerako % 5a, beste erabilerengatik izango da.
Zerbitzuaren kudeaketa kostua estaltzeko beharrezko diru-bilketa 1.594.174,77 €-koa da, eta egokitzapen horri esker, hondakinak biltzeko zerbitzua ez da defizitarioa izango.
Ekainaren 15aren inguruan, indarrean dagoen tasa likidatuko da eta urteko lehen eta bigarren hiruhilekoei dagozkien ordainagiriak batera ordainduko dira, aurreko tarifa aplikatuta, hau da, 39,26 euroko faktura ordainduko da 2025eko lehen 6 hilabeteengatik. Hirugarren hiruhilekoari dagokionez, tasa berria uztailaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta irailaren 15ean igorriko den ordainagirian jasoko da. Azkenik, laugarren hiruhilekoa abenduaren 15ean ordainduko da.