Eguasten honetan ireki da psikobonoak eta gizarte bonoak eskatzeko epea

ABADIÑO | Udalak herritarren ongizate integralarekiko duen konpromisoa indartzen jarraitzen du, zaintzarako hainbat udal ekimen abian jarriz. Osasuna ikuspegi zabal batetik ulertuz, osasun mentala, jarduera fisikoa, sozializazioa eta kulturarako sarbidea izateko erraztasunak eskaini nahi dira. Oraingo honetan, psikobonoak eta gizarte bonoak eskatzeko deialdia zabaldu da berriro, azken urteetako esperientzia positiboaren erakusle.
Abadiñoko Udalak Psikologia Elkargo Ofizialarekin elkarlanean bultzatutako Psikobonoak programak terapiarako sarbidea erraztu nahi die herritarrei, oztopo ekonomikorik gabeko laguntza eskainiz eta gehien behar duten kolektiboak lehenetsiz.
Bide horretan, 14 eta 18 urte arteko gazteentzako, zerbitzua doakoa da, eta, gainera, ez dute inolako ingresorik justifikatu behar. Neurri horren bitartez, Udalak buru osasunaren prebentzioaren eta zaintzaren aldeko apustua egiten du, garapen pertsonalaren funtsezko etapa horretan.
Era berean, programak lehentasuna ematen die egoera zaurgarrian dauden adin nagusiko pertsonei, bai eta desgaitasuna, mendekotasuna edo lanerako ezintasuna duten pertsonei edo bizikidetza- edo familia-unitate baten mende daudenei ere.
Kolektibo horiek ere ez dute diru sarrerarik egiaztatu behar zerbitzua jaso ahal izateko. Psikobonoen gainerako onuradunek bost euro ordaindu beharko dituzte saio bakoitzeko, eta, gainerako kostua, bere gain hartuko du Udalak. Pertsona bakoitzak lau bono eskuratu ahal izango ditu gehienez, baina hamar saiora arte luzatzeko aukera egongo da. Psikobonoen eskaera urte osoan zehar egin daiteke.
Gizarte bonoak, bere aldetik, egoera zaurgarrian dauden herritarrei urteko laguntza izateko aukera ematen die: igerilekuko eta kultur ekitaldietako zerbitzuak erabili ahal izateko, besteak beste. Herritarrek otsailaren 26ra arte eskatu ahal izango dute.
Bi ekimen horiek Abadiñoko Udalak bultzatzen duen zaintzaren udal politiken barruan kokatzen dira. Pertsonak jartzen ditu erdigunean, eta komunitate aktiboa eta kohesionatua sustatzen ditu, ongizate emozionalaz eta harremanez kontzienteago izatera bultzatuz. Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziaren hitzetan: «Zaintzea pertsonei beren bizitzako etapa guztietan laguntzea da, osasun mentaletik hasi eta kirol eta kultur jarduerez gozatzeraino. Abadiñon ez dugu nahi ongizatea eta
komunitatea sortzen duten espazioetatik kanpo inor geratzerik».
Informazio gehiagorako eta programa bakoitzaren eskaera izapidetzeko oinarriak
atxikita daude email honetan.


