DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Hasi dira Zornotzako El Carmelo Parke berriaren lanak

Lanek dirauten bitartean, Betarraganeko aparkalekuko 1etik 9ra bitarteko plazetan ezin izango da aparkatu

Bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da

AMOREBIETA-ETXANO | Aste honetan hasi dira El Carmelo Parkearen berritze lanak. Amorebieta-Etxanoko erdigunean, Kalbario plazaren ondoan kokatuta, Udalak bultzatu eta sustatutako proiektu honek parkea irisgarriago eta konektatuago bihurtzea du helburu, udal-parkeen sareari gehitzeko eta zornotzarrei aisialdirako espazio publiko berri bat eskaintzeko.

Lanek 400.000 euroko aurrekontua dute eta bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da. Obrek oinezkoen mugikortasuna hobetzea, berdeguneak indartzea eta ingurune eroso eta segurua eskaintzea dute helburu. Izan ere, proiektu honek El Carmelo Parkea espazio publiko gisa biziberritzeaz gain, Amorebieta-Etxanoko espazio sozial eta berdea ere indartuko du, Udalak zornotzar guztientzat ingurune jasangarri eta irisgarriak sortzeko duen konpromisoa berretsiz.

Irisgarritasuna eta konexioa hobetuz

Gaur egun, parkeak bi sarrera nagusi ditu eta ikastetxeari lotutako ordutegiaren araberako sarbidea du. Ibilbide nagusi bat du, zuhaitzez eta heskaiez inguratuta, baina gaur egun irisgarritasunari eta erabilerari lotuta dituen gabezia zein beharren jakitun, horiei irtenbidea emateko proiektu bat gauzatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak.

Hala, egingo diren lanen artean, hiru sarbide berri eraikiko ditu Udalak; bata Carmen kaletik eta beste biak Betarraganeko aparkalekutik, horietako bat guztiz irisgarria izanik. Sarrera horiek lehendik dauden biei gehituko zaizkie, eta nabarmen hobetuko dute Betarragane kalearen, El Carmelo ikastetxearen, El Calvario plazaren eta Carmen kalearen arteko konexioa.

Era berean, oinezkoentzako bi ibilbide nagusi ezarriko dira parkearen barruan, sarbide guztiak lotzeko. Bi bideak hormigoi inprimatuz eta granitozko zintarriez delineatuta egongo dira. Egonlekuek zoladura dekoratiboa izango dute, igarobideak eta atsedenlekuak bereizteko.

Berdegune atseginak eta seguruak

Egun dagoen landaredia kontserbatzea lehentasunezkoa da, horrenbestez zuhaitzak parkearen diseinuan txertatuko ditu Udalak, bere izaera berde eta lasaia mantentzeko. Horrez gain, segurtasuna ere lehentasunezkoa izango da eta horren harira hiru bideozaintza-kamera eta argiztapen-sistema eraginkor bat jarriko dira eremuko segurtasuna bermatzeko. Horrela, argirik gabeko guneak saihestu eta erabiltzaileen segurtasuna indartuko da.

Trafikoan eraginak

Berritze lanak hastearekin batera eta hauek irauten duten bitartean, ezin izango da Betarraganeko aparkalekuko 1etik 9ra bitarteko plazetan aparkatu, biak barne.

Amorebieta-Etxanoko Udalak barkamena eskatzen du aldez aurretik honek sor ditzakeen eragozpenengatik.

 

 

 

 

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top