Maximoa 30 gradukoa izango da goizean, baina arratsaldean nabarmen jaitsiko da

EGURALDIA | Larunbat goizean eguraldia lasaia izango da. Goizaldean zaparradaren bat egin dezake, baina orokorrean goizean ateri eutsiko dio eta zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Goizean goiz giroa epela izango da denean hego-haizeari esker, baina goizak aurrera egin ahala haizeak ipar-mendebaldera egingo du kostaldean eta arratsaldean barnealdean. Era horretan, maximoak 30 ºC-tik beherakoak izatea espero da leku gehienetan. Haizea aldatu ondoren, hodeiak ugaritu egingo dira, zerua oso hodeitsu geratuko da eta arratsalde-gau partean zaparradak egingo ditu. Baliteke zaparradak trumoitsuak eta mardulak izatea, eta kazkabarra ere egitea. Egunaren bigarren partean tenperaturak behera egingo du nabarmen eta eguneko minimoak azken orduetan neurtuko dira.