Zornotzar gazteen bi taldek parte hartu zuten Udalak bultzatutako Hackathoiean.

AMOREBIETA-ETXANO | Joan den larunbatean, Zelaieta Zentroan, Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako Hackathoi gazte bat egin zen, ZUOK programaren baitan, udalerriko gazteen informaziorako bulego digitala modu parte-hartzailean diseinatzeko helburuarekin.
Egun osoan zehar, zornotzar gazteen bi taldek lan handia egin zuten gazteei zuzendutako zerbitzu digital berri honek nolakoa izan beharko lukeen azaltzeko ideiak, hausnarketak eta proposamenak partekatzeko. Goizeko 11etatik gaueko 20:00ak bitarte, proiektuak eraiki zituzten, diseinu-tresnei buruz ikasi zuten eta beren ideiak epaimahai baten aurrean aurkeztu zituzten.
Kalimero, proposamen irabazlea komunitate bokazioarekin eta elkarrekiko laguntzarekin
Ane Azkuenaga Rodríguez, Uxue Feliu Sánchez, Miren Edurne Jayo Larrabe, Jone Feliu Sánchez eta Alex Goiria Amorrostak osatu zuten Kalimero taldea izan zen edizio honetako talde irabazlea, 1.000 euroko saria lortuz.
Bere proposamenak, “Mesedez eta Faborez” izenekoak, Udalak egiaztatutako plataforma digital segurua planteatzen du, non gazteek elkarri mesedeak edo laguntza eskaini eta eskatu ahal izango dioten: apunteak edo liburuak partekatzetik hasi eta festa gau baten ondoren norekin itzuli bilatzeraino. Gainera, sistemak udalari erabiltzaileek argitaratutako jarduera edo interesei buruzko informazio erabilgarria txertatzeko aukera emango lioke, hala nola emantzipaziorako laguntzak edo eskura dauden zerbitzuak.
Epaimahaiak Kalimeroren ikuspegi berritzaile eta hurbila baloratu zuen, erakundea gazteen eguneroko ingurunera eramatea proposatzen baitu, gazteei kanal formaletara egokitzea eskatu ordez. Eredu horrek elkartasuna, elkarrekiko laguntza eta tresna digitalen erabilera arduratsua sustatzen ditu.
Bigarren talde parte-hartzaileak sare sozialei loturiko plataforma digital bat proposatu zuen, gazteek interakzio-modu berriekiko duten interesa agerian utziz. Era berean, talde honek egindako proposamenetako ideiak etorkizunean udal-komunikazio kanalak hobetzeko kontuan hartu ahal izango dira.
ZUOK: gazteen parte-hartze erreala eta aktiboa
Hackathoia ZUOK programaren baitan kokatzen da, zornotzar gazteek zerbitzu eta proiektu publikoen sorkuntzan aktiboki parte hartzea bilatzen duen udal ekimena. Hackathoi hau bezalako proposamenek edo aurrez ZUOKen baitan egindako lan-saioek kalistenia-parkea, auzo-taxia edo gazteen udal lan poltsa bezalako ekimenei forma eman diete.
Ekintza horien bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak gazteriaren aldeko apustua berresten du, udalerria eraldatzeko funtsezko eragile diren aldetik, beren beharrei erantzungo dieten irtenbideak diseinatzeko guneak bultzatuz.