DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

“Formatik Haratago” erakusketa ikusgai Durangoko Arte eta Historia Museoan

30 lan biltzen dituen erakusketa honetan, Mikel Lertxundik materialen eta oroimenaren arteko elkarrekintza aztertzen du espazioan

Garazi Arrizabalaga, Mikel Lertxundi eta Paule Sanchez.

DURANGO | Durangoko Arte eta Historia Museoak “Mikel Lertxundi: Formatik Haratago/Más allá de la forma” erakusketa hartuko du otsailaren 14tik (inaugurazioa 18.30ean) martxoaren 30era. Erakusketak artista bizkaitarraren 30 lan biltzen ditu, 1990eko hamarkadaren erdialdetik gaur egun arte egindakoak. Eskulturen eta pintura-konposizioen bidez, espazioaren eta materiaren arteko harremana aztertzen du erakusketak, bere ibilbidean oinarrizko elementua dena.

Mikel Lertxundi (Berriatua, 1951) naturarekin lotura handia duen sortzailea da. Harria, zura eta burdina bezalako materialen konbinazioan oinarritzen da bere lana, eta denborarekin ura, airea eta sua bezalako elementuak gehitu dizkie. Bere ibilaldietan aurkitzen dituen paisaietan inspiratuta, bere lanak ingurunearen memoria eta materialen aztarna aztertzen dituzte, espazioarekin duten interakzioa esploratuz. “Euskal artisten artean berebiziko izaera eta garrantzia duen artista da, eta, gainera, aspaldi ez du inguru honetan erakusketarik egin. Agian zailena data bat aurkitzea izan da, baina oso eskertuta gaude eman dizkigun erraztasunengatik eta egin duen muntaketa lan handiagatik, bere profesionaltasunaren seinale”, laburbildu du Garazi Arrizabalaga Museoko zuzendariak.

Bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Lertxundik nazioarteko azoka garrantzitsuetan egin ditu erakusketak, hala nola ARCOn (Madril), FIAn (Caracas), ART MIAMIn (Miami), NICAFen (Tokio) eta KIAFen (Seul). Espainiako, Frantziako, Alemaniako, Holandako eta Estatu Batuetako galeria eta museoetako bakarkako eta taldeko erakusketetan ere parte hartu du. Gainera, obra bere obra publikoa hainbat espaziotan ikus daiteke, besteak beste, Zuhartzolako parkean eta Durangoko Kurutziaga lorategian.

“Durangoko Arte eta Historia Museoa sorkuntzarako eta pentsamendu artistikorako erreferentziazko gune gisa finkatzen jarraitzen du. Ohore handia da guretzat Mikel Lertxundiren lana hartzea, bere obretan naturarekiko sentiberatasuna eta errespetua islatzen baititu”, adierazi du Paule Sanchez, Durangoko Udaleko Kultura zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzako lehendakariak. “Bere eskulturek formatik haratago begiratzera gonbidatzen gaituzte, materialen esentziarekin konektatuz. Uste dugu erakusketa hau aukera paregabea dela bere unibertso artistikoa eta artearen ikuspegia ezagutzeko.”

Poesia errezitaldia

Erakusketaren programazioaren barruan, poesia errezitaldia eskainiko dute Joseba Sarrionandiak eta Peru Madalenak, zuzeneko musikarekin. Ekitaldiaren data eta ordua laster jakinaraziko dira.

“Erakusketa aberastu nahi izan dugu Lertxundiren unibertso sortzailean inspiratutako errezitaldi poetiko eta musikal batekin. Horrelako jarduera osagarriek aukera ematen digute diziplina desberdinen arteko elkarrizketa-modu berriak sortzeko eta artea pertsona gehiagorengana hurbiltzeko. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu erakusketa honetaz gozatzera eta gure sortzaile garaikide handienetako baten obran murgiltzera “, gaineratu du Sanchezek.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top