Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira eta jaitsiera esanguratsuagoa izango da

EGURALDIA | Gaur giroa freskoagoa izango da eta tarteka euria egingo du. Zaparradak, batez ere goizean eta eguerdi partean botako ditu, bereziki Kantauri isurialdean eta bertan momenturen batean zaparrada mardulagoren bat egin dezake; arratsaldean hodeitza leku askotan zulatu egingo da eta bustitzeko probabilitatea txikiagoa izango da. Arabako Errioxan eta Nafarroa hegoaldean ateri egongo da eta giroa argiagoa izango da, batez ere arratsaldean. Ipar-mendebaldeko haizea bizi samar ibiliko da, goizean batez ere itsasertzean eta arratsaldean barnealdean, bereziki Nafarroan. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira eta jaitsiera esanguratsuagoa izango da barnealdean; oro har, 16-18 ºC artean kokatuko dira eta apur bat altuagoak izango dira Nafarroa hegoaldean.