Koalizioaren arabera, EAJren eta PSEren kontuak “ez datoz bat herriak dituen erronka nagusiekin”
DURANGO | Datorren abenduaren 18an, Durangoko Udalak 2025erako aurrekontuak onartzea aurreikusten du. Kontu «zorrotzak», EAJren eta PSEren arabera, 42,8 milioikoak. Orain, negoziazio-fasean daude gainerako alderdi politikoekin. EH Bilduk zehaztu duenez, “aurtengoak baloratzen hasi aurretik, argi utzi nahi dugu oraindik ez direla martxan jarri 2024ko aurrekontuetako proiektu garrantzitsuenetako batzuk, hala nola Energia Komunitatearen proiektua eta Baratze Ludikoena. Gainera, aurrekontu parte-hartzaileetan oraindik ez dira abiatu herritarrek hautatutako 9 proiektu, besteak beste, Magdalenako baseliza hobetzea erabilera soziala eta kantxa eta frontoi irekiak bultzatzeko. Gobernuari eskatzen diogu lehenbailehen has dadila proiektu horietan lan egiten».
2025eko aurrekontuei dagokienez, nahiz eta inoizko aurrekonturik handiena izan (iaz baino ia 300 mila euro gehiago), uste dute kontu horiek ez datozela bat Durangok dituen erronka nagusiekin. «Besteak beste, dokumentu osoan ez da etxebizitzari buruzko aipamenik egiten. Etxebizitzarako eskubidea ezin da merkatuaren esku utzi, eta udal-gobernuak erantzukizun handia du gai honetan. Izan ere, Durangon 1.412 alokairu-eskatzaile daude eta ia ez dago eskaintzarik. Ingurumenera bideratutako partida % 14 jaitsi da aurreko urtearen aldean. Ulertezina da larrialdi klimatiko betean ingurumenari garrantzia kentzea eta diru-partida jaistea», zehaztu dute.
Azkenik, koaliziotik azaldu dutenez, berdintasunerako partida handitu bada ere, dokumentuan ez da zaintza sistemari lotutako programa edo proiekturik agertzen. «Gogoratu behar da milaka izan zirela iazko azaroan zaintza sistema publiko eta duin bat aldarrikatuz kalera atera ziren herritarrak, eta ordutik gobernu hori hainbatetan interpelatu du zaintza-plataformak», gaineratu dute.
EH Bilduk sei zuzenketa horiek aurkeztu dizkio aurrekontuen dokumentuari, «Durangok dituen erronka nagusiei heltzeko eta akordio zabala lortzeko».
• Etxebizitza hutsak birgaitzeko eta alokairu babestuan jartzeko laguntzak: 130.000 euro
• Cohousing proiektua edo belaunaldien arteko etxebizitzak aztertzeko partaidetza-prozesua: 20.000 euro
• Durangoko energia-komunitatea sortzea (iazko partida luzatzea): 100.000 euro
• Zainketen diagnostikoaren hurrengo ekintza-plana garatzea: 40.000 euro
• Ezkurdi pilotalekuan bigarren aldagela bat egokitzea: 150.000 euro
• Klima-aldaketa arintzeko neurriak: 160.000 euro
«Norabide bat Durangori. Etorkizunerako bidea»
EH Bilduk “Norabide bat Durangori. Etorkizunerako bide bat» dinamika aurkeztuko du San Agustinen. «Orainak erronka berriei egin die aurre: larrialdi klimatikoa, aldaketa demografikoak, zainketen krisia… eta, Durango etorkizunerako prestatzeko, beharrezkoa da herri gisa norabide argi bat adostea eta norabide horretan politika publikoak abiaraztea. Gaur egun, udal gobernuak epe luzerako ikuspegirik gabe jokatzen du. Aurkezten dugun dinamika honen helburua, hain zuzen ere, Durangok dituen erronkei erantzuteko zuzendaritza partekatua proposatzea da. EH Bilduk gonbidapena luzatzen die herritarrei, elkarteei eta alderdiei aurkezpenera hurbiltzeko “, azaldu dute.