Ermua mundua da! titulua du eta bideo didaktiko laburrak apirilaren 26a arte aurkez daitezke

ERMUA | Ermuko Udalak “Ermua mundua da!” izeneko bideo lehiaketa deitu du herriaren izena euskaraz zuzen deklinatzeko moduak ezagutarazteko helburuarekin. Lehiaketa honen bidez, forma zuzenak Ermuan, Ermura, Ermutik edota Ermuko direla ezagutarazi eta zabaldu nahi da, sarri gaizki erabili ohi direnak baztertutz; esaterako Ermuara*, Ermuakoa*; Ermuatik*, eta abar… Oinarriak jasotzen dutenaren arabera, lehiaketak 600 euro banatuko ditu saritan. Bi sari izango dira, epaimahai anitzak emango duen nagusia eta bozketaz publikoak erabakiko duena. Euskal Birusa elkartearen eta AEK Kaltxango euskaltegiaren laguntzarekin.
Lehiaketaren ezaugarriak eta parte-hartzea
Lehiaketa 12 urtetik gorako edonorentzat dago zabalik, eta bakarka zein taldeka parte hartzeko aukera dago. Parte-hartzaileek gehienez 2 minutuko luzera duten bideoak aurkeztu beharko dituzte, euskaraz eta egitura digitaletan (avi, mov, mp4 edo GIF dira onartutako formatuak), betiere jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.
Lanak bidaltzeko apirilaren 26ra bitartean aurkeztu ahal izango dira. Bideoak tori.eus plataformaren bidez bidali behar dira euskara@ermua.eus postontzira, izena emateko agiriarekin batera. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek gurasoen edo tutoreen baimena erantsi beharko dute.
Sariak eta herritarren bozketa
Lehiaketak bi sari nagusi banatuko ditu:
- Sari nagusia (400 euro): Euskara Saileko, Euskara batzordeko, IES Ermua BHI institutuko eta Berbalaguneko kideek osatutako epaimahaiak hautatuko du irabazlea.
- Publikoaren saria (200 euro): Epaimahaiak hasierako hautaketa egin ondoren, bideoak Barrena.eus webgunean jarriko dira ikusgai, herritarrek gogokoenaren alde bozkatu dezaten. Bozketa hiru astez mantenduko da zabalik, lanak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita.
Irabazleen izenak www.ermua.eus atarian jakinaraziko dira. Antolatzaileek gogorarazten dute bideoetan agertzen diren pertsonen irudi-eskubideak bermatuta egon behar direla eta ez dela onartuko edukirik iraingarririk.
Argibide gehiago behar edo zalantzak izanez gero, idatzi euskara@ermua.eus postontzi elektronikora.


