DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Ermua, speeda zeraman gidari bat atxilotu dute patruila bati ihes egin ondoren

Ibilgailuan ihes egiten saiatu den atxilotuari 95 gramo speed atzeman dizkiote

Goizaldeko lauak baino lehen gertatu da Ermuan

ERMUA | Ertzaintzako agenteek 53 urteko gizon bat atxilotu dute gaur, astelehena, goizaldean, drogarekin trafikatzea eta bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatuta. Ibilgailuan ihes egiten saiatu den atxilotuari 95 gramo speed atzeman dizkiote.

Goizaldeko lauak baino lehentxeago, Eibarren herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek argiak itzalita zihoan auto bat ikusi du. Polizia-ibilgailuaren argi birakariak aktibatu eta gidariari gelditzeko agindu dioten arren, gidariak ez du jaramonik egin eta ihes egin du Ermurako noranzkoan. Ermuan, patruila batek geldiarazi du eta ibilgailuan zihoazen bi pertsonak, gizon bat eta emakume bat, identifikatu ditu.

Ertzainak konturatu dira ibilgailuaren gidariak alkoholdun edarien eraginpean egotearen zantzu argiak zituela, eta alkoholemia detektatzeko proba egitea eskatu diote. Bat-batean, jarrera biolentoa hartu du eta heriotza-mehatxuak egiten hasi da, eta autoa abiarazi ere egin du berriz ihes egiten saiatzeko, baina agenteek eragotzi egin diote.

Gidaria kontrolatu dutenean, ibilgailu barruan substantzia zuri bat, laurogeita hamabost bat gramo speed zituen plastikozko bilgarri bat, aurkitu dute, eta droga-trafikoaren delitua eta bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatuta atxilotu dute, ez baitu alkoholemia-testa egin nahi izan.

Atxilotua dagozkion polizia-izapideak egin ondoren eramango dute Epaitegira.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top