Durangarrak nagusi izan ziren Landako kiroldegian (66-39)

SASKIBALOIA | Emakumezkoen 1. Nazional mailako Tabirako taldeak garaipen handia lortu zuen, Askartzari erosotasun handiz irabazita (66-39), durangarren aldetik partida handi batean. Garaipen honekin, zazpigarren jarri da ligan, lau garaipen eta lau porrotekin.
Talde kafeteroak nagusitasun handiz menderatu zuen Askartza lehen laurdenetik (15-7). Atsedenaldian, 31-13koa zen markagailua eta Tabirakok 7, 6 eta 7 puntu eskasetan utzi zuen aurkaria lehen hiru laurdenetan. Bigarren zatian, etxekoek gogor jarraitu zuten eta markagailuan joan ziren 51-20 arte. Azken partzialean, berriz, Askartzak emaitza oso gutxi makillatu zuen azken +27 horretaraino.
Bineta Sane (16 puntu eta 10 errebote), Nerea Imaz (12 puntu eta 7 errebote) eta Maier Mardaras (9 puntu) izan ziren saskiratzaile nagusiak.
Hurrengo jardunaldian, Loiola Indautxuri egingo dio bisita larunbatean, 20:15ean, Bilbon.


