Irudiak irailaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira eta txoko kuttunak, jendea edota usadioak islatu ahalko dituzte
![](https://dot.eus/wp-content/uploads/2025/02/Egutegia-dot-402x300.jpg)
ELORRIO | Oraindik goiz bada ere, 2026ko egutegiari forma ematen hasi da Elorrioko Udala eta ‘Maite ditut maite gure bazterrak’ izenburupean herritarren parte hartzea sustatzen jarraitu gura du datorren urteko egutegia osatzeko argazki-lehiaketa abiaraziz. Ohi bezala, epaimahaiak hamahiru argazki aukeratuko ditu, hilabete bakoitzeko bat eta, azalerako beste bat. Argazkiez gain, ordenagailuz egindako argazkikonposizioak ere aurkeztu ahal izango dira. Saridun bakoitzak 100 euroko bonoa jasoko du Elorrioko denda txikietan edo jatetxeetan erabiltzeko, eta, adin txikikoen kasuan, gurasoek edo tutoreek jasoko dute saria.
Funtsean, galdera hauei erantzuteko gonbidapena luzatzen zaie elorriarrei: Nork ez ditu maite norbera hazten ikusi duten edo norbera bizi den herriko bazterrak, koloreak, usainak, jendea, usadioak etab.? Eta zuk, zelan irudikatu klik batean maite eta hain zure egin dituzun Elorrioko bazter edo txoko kutunak?
Lanak aurkezteko epea 2025eko irailaren 26an amaituko da. Argazki bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko da; argazki bi badira, eskaera bi. Bi modu daude argazkiak aurkezteko: online hemen klikatuta eta eskatutako datuak beteta, argazki bakoitzaren izenburua barne; eta, bestalde, HAZen presentzialki aurkeztuta, inprimakia argazkiarekin batera erregistratuta.
Parte hartzeko baldintzak honakoak dira:
- Elorrion erroldatuta egotea.
- Aurkezteko epea amaitze-egunean 16 urte beteta izatea.
- Egile bakoitzak gehienez argazki bi aurkeztu ahal izango ditu.
- Irudiak JPG formatuan aurkeztuko dira bereizmen egokiarekin argazkien inprimaketaren kalitate ona bermatzeko.
- Argazkien neurriak: horizontala 364 mm eta 253,5 mm bertikala.
- Ez dira onartuko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen artikuluak betetzen ez dituzten lanak edo argazkiak, zehazki, sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerrarazteari dagozkionak (3.6. art.) ezta komunikazio ez-sexistari dagozkionak ere (18.4. art.).
Edozein zalantza argitzeko, Euskara Zerbitzura zuzendu: euskara@elorrio.eus