2025ean Abadiñok izango du txanda, hondakinak biltzeko zerbitzua mankomunatuta duen bigarren udalerriak.
ELORRIO | Durangoko Merindadeko Mankomunitateak eta Elorrioko Udalak parte-hartze tekniko-politikorako barne-prozesu bat egin dute azken hilabeteotan, eta prozesu horren ondorioz, azken erakunde horrek 2025-2030 aldirako Elorrioko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Programa onartu du. Dokumentu horrek datozen sei urteetan udalerriak arlo horretan izango duen ibilbide-orria jasotzen du.
Bi erakundeen arteko lankidetza 5.000 biztanletik gorako udalerriak 7/2022 Legera egokitzearen ondorio da; izan ere, lege horrek horrelako programak garatzea eskatzen die udalerriei. 2025ean Abadiñok izango du txanda, Durangaldean hondakinak biltzeko zerbitzua mankomunatuta duen bigarren udalerriak.
Horrelako dokumentuetarako ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean araututakoaren arabera, egoeraren diagnostikoa egiteko eta aplikatu beharreko lege- eta plangintza-esparruak aztertzeko lehen faseari ekin zaio. Bi alderdi horien arteko konparazioak erraztu egin du lortu beharreko helburuak identifikatzea. Bestalde, toki-erakunde mota desberdinek hartutako jardunbide egokiak aztertu ondoren, irismen eta izaera desberdineko ekintzak baloratu ahal izan dira, Elorrioko ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-errealitatera hobekien egokitzen diren hogeita hamabi ekintzak aukeratu arte.
Hala, prebentzioaren arloan, datozen urteetan hainbat ekimen landuko dira elikagai-hondakinak murrizteko eta etxeko tresnak dohaintza edo truke bidez berrerabiltzeko, eta ekitaldi eta jarduera ekonomikoetan jardungo da.
Bestalde, kudeaketari buruzko neurrien helburua da etxeko hondakinen gaikako bilketa hobetzea, batez ere biohondakinarena; amiantoarekin eta inguruan sakabanatuta dauden zaborrekin lotutako arazoei erantzutea eta sentsibilizazio- eta jarraipen-prozesuetan aurrera egitea, besteak beste.
Azkenik, zeharkako tresnei dagokienez, udal erosketa eta kontratazio berdearen inguruko neurriak aurreikusten dira, baita herritarren komunikazio eta sentsibilizaziorako kanalak eta ordenantza tekniko eta fiskalen aldaketak ere, aplikagarriak diren lege-baldintzak betetzeko bidean aurrera egiteko.
Espero da gaur egun onartutako ekintzek eta 2028rako aurreikusitako Programaren berrikuspenetik erator daitezkeenek aukera ematea 2030ean toki-eskumeneko hondakinen sorrera % 15 murrizteko 2010ean erregistratutako kopuruarekiko, eta berrerabiltzeko prestatzeko edo birziklatzeko hondakinen kopurua sortutako hondakin guztien % 60ra iristea.
Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu du programa hau egitea.