DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

El Carmelo Parkeak ateak zabaldu ditu Zornotzan

Obrek 400.000 euroko inbertsioa izan dute, eta, horri esker, parke irisgarriagoa, konektatuagoa eta iraunkorragoa eraiki da

El Carmelo Parkeak ateak ireki dizkie herritarrei

AMOREBIETA-ETXANO | Gaurtik aurrera, El Carmelo Parkeak ateak irekiko dizkie herritarrei, Amorebieta-Etxanoko Udalak bultzatutako berritze lanak amaitu ondoren. Mugarri horren berri emateko, prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Udalak eta bertan izan dira Ainhoa Salterain alkatea, Anartz Gandiaga hirigintza zinegotzia eta El Carmelo ikastetxeko ordezkariak, proiektu honetan emandako laguntza eskertzeko.

Udalerriaren bihotzean kokatuta, El Calvario plazaren ondoan, historikoki El Carmelo Parkea El Carmelo ikastetxeari lotutako berdegunea izan da. Ikastetxeak Udalari egindako espazioaren lagapenari esker, gaur egun parke publiko berri bilakatzen da, Amorebieta-Etxanoko gerriko berdeari balioa gehituz eta bizilagunei aisialdirako eta atsedenerako ingurune natural bat eskainiz.

“Amorebieta-Etxano auzoak eta berdeguneak dituen udalerria da. El Carmelo Parkea irekiz, beste urrats bat eman dugu herri eredu irisgarriagoa, jasangarriagoa eta zornotzarren bizi-kalitatea lehentasun eta ardatz izango duena eraikitzeko konpromisoan, Parke hau paseatzeko, atseden hartzeko, topatzeko eta gure inguruneaz gozatzeko lekua izango da”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak aurkezpenean.

Parke berritua, irisgarria eta segurua
Obrak aurtengo urtarrilean hasi ziren eta 400.000 euroko inbertsioa izan dute. Parkea erabat eraldatu dute, herritarren behar desberdinetara egokitzeko. Egindako esku-hartze nagusien artean nabarmentzen dira:

  • Oinezkoentzako hiru sarbide berri sortzea (bat Carmen kaletik eta bi Betarraganeko aparkalekutik, horietako bat guztiz irisgarria), lehendik dauden biei gehitzeko.
  • Bi ibilbide nagusi diseinatzea, hormigoi inprimatuzko zoladurarekin, granitozko zintarriekin eta zoladura apaingarri bidez bereizitako atsedenguneekin.
  • Diseinu berrian dagoen landaredia integratzea, parkearen izaera berdea eta lasaia mantenduz.
  • Hiri-altzari modernoak, argiztapen-sistema eraginkorra eta bideozaintzako kamerak instalatzea, erabiltzaileen erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Guztiontzako espazio berria
Esku-hartze honen helburua izan da El Carmelo Parkea espazio irisgarri, konektatu eta jasangarria bihurtzea, udalerriko parkeen sarean erabat integratuz. Parke berri honen irekierak Amorebieta-Etxanoko espazio publikoen eskaintza aberasteaz gain, bertako gizarte- eta ingurumen-ehuna ere indartzen du.

Udalak eskerrak eman nahi dizkio El Carmelo ikastetxeari, espazioa lagata, proiektu hau posible egiteagatik eta herritar guztiek erabiltzeko eta gozatzeko aukera errazteagatik.

“Modu berezian eskertu nahi diogu El Carmelo Ikastetxeari erakutsitako eskuzabaltasuna eta udalerriarekiko duen konpromisoa. Elkarren arteko lankidetzari esker, Amorebieta-Etxanok berdegune berri bat du gaur, herritar guztiei irekia. Horrelako keinuek hezkuntza-komunitatearen eta udalerri osoaren arteko lotura indartzen dute”, gaineratu du alkateak.

Gaurtik aurrera, El Carmelo Parkea egunero irekiko da 07:00etatik 23:00etara, Amorebieta-Etxanoko erdigunean topaleku berde bilakatuz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top