Durangoko Udaleko alderdi guztiekin egindako negoziazioak zehaztuz erantzun diote jeltzaleek polemikari
DURANGO | 2025eko aurrekontuen negoziazioan Durangoko gobernu taldeak EH Bildurekin lortutako akordioen harira sortutako polemikaren ondoren, Durangoko EAJko UBB – Uri Buru Batzarrek- Udal Gobernua (EAJ eta PSE-EE) datorren urteko kontuak onartzeko lanean hasi zenetik izandako gertakarien kontakizuna zehaztu nahi izan du. Jeltzaleen esanetan, Durangoko Udal Gobernuak, EAJren eta PSE-EEren arteko koalizioan, 2025eko aurrekontuak ahalik eta adostasun handienarekin onartzea jarri du helburu nagusitzat.
Gehiengoa duen EH Bilduri taldearí dagokionez, koalizioak bost zuzenketa eta hiru proposamen aurkeztu zituela azaldu dute jeltzaleek. “Talde horrek adierazi zuen bere osotasunean onartuz gero aldeko botoa emango zuela, eta, partzialki onartuz gero, abstenitu egingo zela”. EAJren arabera, Udal Gobernuak positibotzat jo zituen aurkeztutako zuzenketak, eta, ahalik eta adostasun handiena lortzeko, “proposamen guztiak onartu zituen eta EH Bildurekin akordio bat sinatzeko prest zegoela adierazi zuen.
Hala ere, EH Bilduk aurrekontuak ez babestea erabaki zuen, bere aldeko botoarekin, bere proposamenak osorik jasotzen zituen akordio bati uko eginez. Jarrera hori ulertezina da eta agerian uzten du EH Bilduk nahiago duela bere estrategia politikoari eutsi herritarren interesak eta proiektuak defendatu baino “.
Alderdi Popularrari dagokionez, talde horrek 7 zuzenketa aurkeztu zituen. “EH Bilduk aldeko botoarekin aurrekontuak babesteari uko egin ostean, Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) zuzenketa horiek negoziatzeari ekin zion akordioa lortu arte. Guztira, 4 zuzenketa onartu ziren, 127.000 euroko balioarekin “.
EAJk azaldu duenez, Herriaren Eskubideak taldeak negoziazioetan ez parte hartzea erabaki zuen, “Udal Gobernua adostasunak lortzeko prest agertu arren. Talde honek osoko zuzenketa bat aurkeztea erabaki du, horrela oposizio sistematikoaren estrategiarekin jarraituz “. Uste dute Udal Gobernuak elkarrizketa eta akordioak sustatzeko ahaleginak egin dituen arren, Herriaren Eskubideak-en jarrerak ez duela lagundu aurrekontuak aberasten, ezta herritarren interesak lehenesten ere. Hala ere, Udal Gobernuak tinko jarraituko du lanean, durangarren ongizatea eta udalerriaren garapena ardatz hartuta.