Lehen hiruhilekoan 28 kasu artatu ziren, eta bigarrenean beste 21, guztira 49

DURANGO | Durangoko Udalak 2025eko lehen seihilekoko (urtarriletik ekainera) indarkeria matxistaren arretari buruzko datuak argitaratu ditu. Ekintza honek gobernu taldeak indarkeria matxistarekin lotutako datuak aldizka ezagutarazteko duen konpromisoari erantzuten dio, giza eskubideen urraketa larri honen aurrean gardentasun, prebentzio eta sentsibilizazio-politikaren parte gisa.
Guztira, 49 kasu artatu dira indarkeria matxistarekin lotuta. Horietatik 22 Durangoko Udaleko Indarkeria Matxistaren Unitatearen bidez antzeman ziren, eta horrek baliabide honen lana balioan jartzen du, izan ere, haren esku-hartzerik gabe, kasu horietako asko ezkutuan gera zitezkeen.
Hiruhilekoko banaketak honakoa adierazten du: lehen hiruhilekoan 28 kasu artatu ziren, horietatik 23 genero-indarkeriagatik, 3 familia barruko indarkeriagatik eta 2 sexu-indarkeriagatik. Bigarren hiruhilekoan, berriz, 21 kasu erregistratu ziren: 15 genero-indarkeriagatik, 3 familia barruko indarkeriagatik, 2 sexu-indarkeriagatik eta 1 beste indarkeria mota batengatik.
Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, “zifra horiek kezkagarriak diren arren, isilpean egoten den errealitate bat ikusarazteko aurrerapauso bat ere badira. Horregatik, indarkeria egoera bat bizi duten pertsona guztiei, edo horrelako kasuren bat ezagutzen duten herritarrei, salatzera eta laguntza eskatzera animatzen ditugu. Badakigu oraindik kasu asko ez direla jakinarazten. Ez zaudete bakarrik”.
“Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpen irmoki gaitzesten dugu, eta haren desagerpena lortzeko lanean jarraitzen dugu. Arreta zuzenarekin batera prebentzioa, hezkuntza eta sentsibilizazioa uztartzen dituen esku-hartze integralaren aldeko apustua egiten dugu, indarkeria mota hauek desagerrarazteko”, azpimarratu du.
Eskura dauden baliabideen artean, Udalak Indarkeria Matxistaren Unitatea Andragunean (Lariz Dorrea 2) martxan dagoela gogorarazi du. 2024an sortua, unitate hau teknikari espezializatu batek artatzen du, eta aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua eskaintzen ditu. Unitatearen arreta-ordutegia astelehen, asteazken eta ostiraletan 09:00etatik 15:00etara da, eta astearte zein ostegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara ematen da zerbitzua. Oporraldietan ordutegia alda daitekeenez, gomendagarria da aldez aurretik harremanetan jartzea. Informazioa eskatzeko edo hitzordua eskuratzeko telefono bidezko arreta eskaintzen da zenbaki hauetan 618 791 333 eta 94 603 00 46, eta posta elektroniko bidezko harremana ere posible da helbide honen bidez misasi@durango.eus.
Era berean, herritarrei indarkeria matxistaren kasuetarako beste arreta-zerbitzu eta baliabide batzuk ere badaudela gogorarazten zaie. Besteak beste, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak daude, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eskaintzen dutenak arreta (946 200 492); Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzua, 24 orduz erabilgarri (944 025 050); Krisi Zentroa, arreta jarraitua eskaintzen duena (900 84 09 77); eta SATEVI – Indarkeria Jasaten duten Emakumeei Laguntzeko Telefono Zerbitzua, 24 orduz eskuragarri (900 840 111). Horrez gain, Durangoko Ertzain-etxearekin (944 66 93 00) edo Udaltzaingoarekin (946 03 00 10) harremanetan jar daiteke, eta larrialdi-egoeretan, 112 telefonora deitzea gomendatzen da.
Udalak indarkeria matxista arazo sozial eta egiturazkoa dela azpimarratu du, emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dituena, eta desagerraraztea herritar guztien erantzukizuna dela. “Laguntzea, babestea, isilpean ez geratzea eta ekitea dira indarkeriarik gabeko gizarte baterantz aurrera egiteko ezinbesteko urratsak”, adierazi du amaieran Ruizek.