Guztira, 91 kasu erregistratu dira 2025ean, eta horietatik 67 protokolo instituzionalaren bidez tratatu ziren

DURANGO | Udalak indarkeria matxistako biktima diren emakumeen arreta integralari buruzko 2025eko datuen berri eman du. 2024ko maiatzean abian jarritako zerbitzu honek emaitza positiboak erakutsi ditu erakundeen arteko lankidetzari esker.
2025ean, indarkeria matxistako 91 kasu erregistratu dira guztira. Horietatik, 41 kasu Indarkeria Matxistaren Unitateak zuzenean artatu zituen, eta 67 kasu protokolo instituzionalaren bidez kudeatu ziren. 67 kasu horietatik 54 Ertzaintzatik sartu ziren.
Indarkeria Matxistaren Unitateak 47 kasuren jarraipena egin du, horietatik 41 berriak 2025ean, eta aurreko urtetik, 2024tik, jarraitu zuten 6 kasurenak.
Jarduera protokoloak 2019tik ezarrita zeuden arren, koordinazioan hobekuntza bat ikusi da, arreta mota horretarako figura espezifiko bat dagoelako.
Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, “funtsezkoa izan da Ertzaintzak, Osakidetzak eta gizarte-zerbitzuek koordinatzen duten erakunde arteko protokoloa, parte hartzen duten udalerrietako (Abadiño, Berriz, Elorrio eta Durango) berdintasun-teknikariak buru dituena, erantzun azkarra eta koordinatua emateko. Urte horretan, protokoloa eguneratu egin zen ikuspegi feminista txertatzeko, betiere emakumeen beharrak errespetatzen dituen arreta integrala eskaintzeko.”
2025ean, programak laguntza eman du hainbat baliabidetan: legala, bizileku-baliabideetarako sarbidea eta biktimentzako laguntza psikologikoa. Azpimarratzekoa izan da etorkizunean aholkularitza juridikoko zerbitzu berri bat sartzea, emakumeek prozesu osoan zehar behar duten legezko orientazioa jasoko dutela ziurtatuz.
Ruizek adierazi duenez, “duela bi urte Indarkeria Matxistaren Unitatea sortu zenetik, genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta integralean nabarmen aurrera egitea lortu dugu. Hainbat zerbitzurekin koordinatuta eta neurri berriak ezarrita, besteak beste aholkularitza juridikoa eta bizitoki-baliabideetarako sarbidea, laguntza osoagoa eta eraginkorragoa eskaini ahal izan dugu. Asteko kasu bat ematen da, bataz beste. 2025eko datuek Durangon emakumeen segurtasuna eta ongizatea ziurtatzeko erakundeen artean egiten ari garen etengabeko ahalegina eta lankidetza adierazten dute. Zerbitzuak hobetzen jarraitzeko konpromisoa dugu eta bermatzen dugu indarkeriari aurre egin behar dion emakume bakoitzak behar duen arreta eta laguntza jasoko duela. Mugimendu feministarekin, elkarteekin eta beste erakunde batzuekin batera lanean jarraitzen dugu, genero indarkeria desagerrarazteko eta berdintasunezko eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzeko.”


