Abuztuko azken astean izango da herritarren segurtasuna bermatzeko

DURANGO | Durangoko Udalak Ezkurdi plazako lizar bat moztuko du abuztuko azken astean, Erakusketa Aretoaren sarreraren ondoan kokatua dagoena. Mozketa hori Udaleko lorazain brigadak egingo du, ikasturte berria hasi aurretik, oinezkoentzat eta, bereziki, bertatik ikastetxeetara doazen haur eta gazteentzat arriskuak saihesteko helburuarekin.
2024an, Udaleko Lurralde alorrak zuhaitzen arriskuen azterketa bat egin zuen, udalerriko arboladiaren egoera ebaluatzeko eta arriskutsuak izan zitezkeen aleetan proba espezifikoak egiteko. Lan horien emaitza gisa, txosten tekniko bat osatu zen eta hainbat esku-hartze proposatu ziren herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz.
Arrisku altutzat hartutako kasuetan jarduera azkarrak egin ziren, hala nola Zumalakarregi kaleko taxi geltokiaren ondoko lizar handiaren mozketa, edota Zumar kaleko makal baten tala.
Beste jarduera batzuk irailean burutuko dira: 5 zuhaitzetan euspen dinamiko ehunezkoak jartzea, zuhaitz batean euspen estatiko bat instalatzea, eta dagoeneko instalatutako euspenak berrikustea. Lan horiek zuhaitzetan aditua den enpresa batek burutuko ditu, eta guztira 7.250 euroko kostua izango dute.