EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko bozka jaso du onarpenak, EH Bildu eta Herriaren Eskubideak aurka bozkatu dute

DURANGO | Durangoko Udalak 2026ko ekitaldirako ordenantza fiskalen aldaketa-proposamena onartu du, eta, horren bidez, udal zerga eta tasa guztiak igoerarik gabe mantenduko direla berretsi da. Neurri horrek aurreko urteetan hartutako konpromisoa berresten duherritarren gaineko presio fiskala handitu gabe mantentzeko asmoz. EAJ-PNV, PSE-EE eta PPren aldeko bozka jaso du onarpenak, EH Bildu eta Herriaren Eskubideak aurka bozkatu dute.
Horrez gain, hainbat egokitzapen tekniko eta hobekuntza sozial eta ingurumeneko ezarri dira, udal kudeaketa fiskala eraginkorragoa, bidezkoagoa eta herritarren beharretara egokituagoa izan dadin.
Bestalde, gizarte arloko hobekuntza esanguratsuak ere onartu dira. Nabarmentzekoa da langabeentzako hobariak eskuratzeko baldintzak malgutzea, zaborren eta saneamenduaren tasetan. Orain arte Lanbiden izena emanda egotea eskatzen bazen ere, hemendik aurrera langabezia-egoera egiaztatzen duen dokumentu ofizial bat aurkeztea nahikoa izango da, laguntza horien benetako xedea hobeto betez.
Era berean, ingurumenaren arloan, ontzi marroiaren erabileragatik eskaintzen den hobaria eskuratzeko baldintzak erraztu dira, epeak aurreratuz eta erroldaren kudeaketa sinplifikatuz, herritarrentzat prozesua errazagoa izan dadin.
Aipatutako neurriez gain, hainbat aldaketa garrantzitsu onartu dira, udal araudia eguneratu eta herritarren eskubide zein betebeharrak argiago zehazteko. Besteak beste, erabilera publikoko espazioa okupatzeko tasa ezabatu da jarduera hezitzaile, sanitario, kultural, kirol edo boluntariotzakoentzat, betiere jarduera horiek irekiak badira eta irabazi asmorik gabe antolatzen badira. Horrez gain, %95eko hobaria ezarri da ICIO zergan, baldin eta obrek udal interes berezia edo erabilgarritasun publikoa dutela aitortzen bada. Azkenik, ordenantza fiskalak dokumentu banakatuetan egituratu dira, 0tik 9ra bitarteko zenbakitzea erabiliz, herritarrentzat ulergarriagoak eta eskuragarriagoak izan daitezen.
Halaber, jaietan barrakak eta antzeko elementuek lurzoru publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasa egokitu da, jaialdi garaian merkatu-balioa baxuagoa dela kontuan hartuta. Bestetik, balio gehikuntzaren gaineko zergaren behin-behineko likidazioak egiteagatik ordaintzen zen tasa kendu da, praktikan ez baitzen aplikatzen. Honen haritik, prezio publikoen ordenantza fiskalen multzotik kanpo geratuko da, izaera tributariorik ez duelako.