Helburua udazkenean Ordenantza Fiskalak onartzea da

DURANGO | Durangoko Udal Gobernuak 2026ko Ordenantza Fiskalak izoztea proposatu du. Proposamena opozioari aurkeztu zaio jada. Iaz iragarri zen bezala, herritarren gaineko presio fiskala ez handitzeko konpromisoa mantentzen da, agindutakoa betez.
Egokitzapen teknikoak eta berrikuntza garrantzitsuak egin dira ordenantzen aplikazioa eta kudeaketa hobetzeko, indarrean dagoen araudira eta durangarren benetako beharretara egokituta.
Berritasun nagusien artean, etorkizuneko herritarren txartelari lotutako tasa berri bat sortzea dago. Tresna hori garatzen ari da, eta bere ordenantza espezifikoa ere izango du.
Beste aldaketa garrantzitsu batek jabari publikoa okupatzeagatiko tasari eragiten dio, zeina doitu egiten baita interes publikoko eta sozialeko jarduerak ordaintzetik salbuesteko, hala nola hezkuntza-, osasun-, kultura-, kirol- edo boluntariotza-jarduerak, betiere herritarrei irekita badaude eta irabazi-asmorik ez badute.
Ikuspegi sozialetik, hobetu egiten da langabeziagatiko hobarien eskuragarritasuna hondakinen eta estolderiaren tasetan. Lanbiden izena emanda egoteko aurreko betekizunaren ordez, langabezia-egoera legez egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztu da, laguntza horien benetako helburuari hobeto egokitzen zaiona.
Ingurumen arloan, ordenantza aldatzen da edukiontzi marroia erabiltzeagatiko hobaria aplikatzea errazagoa izan dadin, zenbaketa aldiak aurreratuz eta dagokion erroldaren kudeaketa erraztuz.
Jaietan barraka eta antzekoetarako lurzoru publikoaren okupazio-tasa teknikoki doitzea proposatzen da, kontuan hartuta aldi horretako merkatu-balioa urteko gainerako aldietakoa baino txikiagoa dela, ohiko prezioaren antzekoa mantentzeko helburuarekin.
Gainera, EIOZren 9.5 artikulua aldatzen da, osoko bilkurak interes berezikotzat edo udal-onurakotzat jotzen dituen eraikuntza, instalazio eta obrek % 95eko hobaria izan dezaten. Gainbalioaren behin-behineko likidazioak emateagatiko tasa bat kentzea ere proposatzen da, praktikan ez baita aplikatzen, eta Prezio Publikoen Ordenantza ordenantza ordenantza fiskalen bloketik kanpo uztea, ez baitu zerga izaerarik.
Bestalde, ordenantza fiskalak dokumentu indibidualizatuetan banatzea planteatzen da (0tik 9ra), herritarrek informazioa errazago aurkitzeko eta ulertzeko.
Proposamen horiek oposizioko taldeei bidali zaizkie, azter ditzaten. Udal Gobernua oposizioko talde politikoen ekarpenen zain dago orain, elkarrizketa eta negoziazio eraikitzaileei ekiteko. “Elkarrizketa hori funtsezkoa izango da Durango osorako onuragarria izango den adostasuna lortzeko”.